Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Irati Agorria (Irudienea), Izaskun Ellakuriaga (Gerediaga), Miren Narbaiza (Ahotsenea), Oihane Agirre (Azoka Telebista), Andoni Urzelai (Zu Non Han DA!), Diana Franco (Kabia) eta Martxel Zubia (Saguganbara) (argazkia: Durangoko Azoka)

Durangoko Azokan 950 nobedade eta 265 kultur ekitaldi izango dira

Aurtengo edizioa abenduaren 6tik 10era bitartean izango da.

Durangoko Azokak 58. edizioko egitaraua eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur, Plateruenan antolatutako prentsaurrekoan. Bertan, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak ilusioz hitz egin du, eta euskal kulturaren alde elkarlanean aritzeko prest daudela adierazi du. “Euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin”.

Aurtengo Durangoko Azoka “mamitsua” izango dela iragarri dute, “aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena”. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea”, azaldu du Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Bestalde, aurtengo azoka gaztea izango da, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.

Landako barruan, liburu, disko eta abarren eskaintza egongo da eskura. 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide izango dira. Horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade izango dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. “Esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza gisaz, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez”.

Egitarauaren aurkezpenean zenbait ohar ere eman dituzte antolatzaileek: DA! PRO topaketa, esaterako, azaroaren 28an eta 29an izango da eta sortzaileak eta programatzaileak izango dira bertan. Programatzaileek azaroaren 27ra arteko epea izango dute izena emateko.

Azaroaren 24an, berriz, baDA!bil izeneko podkasta estreinatuko du Durangoko Azokak, EITBrekin elkarlanean. 30 minutuko bost atal izango ditu, eta bakoitzean hiru sortzaile gonbidatuko izango dira: Izaro Andres, Uxue Razkin, Lide Hernando, Julen Apella eta Aner Peritz, esaterako.

Azoka Telebistak. Bere aldetik, Fantasia DA! izeneko magazina ekoitziko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahalko da: tokiko telebistetan, azokaren webgunean eta youtuben.

Aurten ez da online salmentarik egongo, azoka presentzialaren aldeko apustua egingo delako eta doako autobus zerbitzua martxan egongo da Iurretako autopista irteerako parkinetatik Landako inguruko Olleria kaleraino, 30 minuturo. Baina, abenduaren 10ean, domekaz, ez da erabilgarri egongo. Azken egun horretan, azokak ohi baino bi ordu lehenago itxiko ditu ateak, 18:00etan, hain zuzen. Hala ere, guneetako egitarauak martxan jarraituko du iluntzera arte.

Durangoko Azoka itxi eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko da. Azokako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendatara helduko dira, eta horietatik 27tan liburu aurkezpenak egingo dituzte.

Herritarrei Durangoko Azokara etortzeko deia egin die Gerediagako koordinatzaileak: “Etor zaitezte euskal kulturari bultzada ematera, nobedadeak dastatzera, sortzaile berriak ezagutzera, zuzeneko emanaldiekin gozatzera, sormenaren magia sentitzera, eta gurekin batera, itzarrik amets egitera… Etor zaitezte Durangoko Azokaren fantasian murgiltzera!”.

Hemen kontsulta daitezke ekitaldi guztiak eta katalogoa: Egitaraua eta Nobedadeak.

Zabaldu: