(argazkia: EZAE)

EAEko zinema aretoek 2,6 milioi ikusle galdu dituzte urte hasieratik COVID-aren ondorioz

EZAE elkartearen kalkuluen arabera, euskal aretoek 10 milioi euroko galerak izan dituzte, 2019ko epe berarekin alderatuta. Aurten EAEn zinemara joan diren pertsonen kopurua % 65 baino gehiago murriztu da, iazko datuekin konparatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko zinema aretoek 2,6 milioi ikusle galdu dituzte urte hasieratik, 2019ko garai berarekin alderatuta. Joan den urtean lau milioi lagun joan ziren zinema aretoetara urtarrilaren 1etik azaroaren 8ra, eta aurten 1,4 milioi bakarrik, %65 gutxiago.

EZAE zinema aretoen elkartearen arabera, ikusle kopuruaren beherakada horrek eragin zuzena eta oso larria du zinemetako emaitza-kontuetan, ikusi baitute diru-sarrerak nabarmen murriztu direla aurten. Elkartearen kalkuluen arabera, euskal zinemen emaitza-kontuan metatutako galerak 10 milioi euro ingurukoak dira, 2019ko epe bereko zifrak kontuan izanda.

Adierazi dutenez, “datu horiekin, guztiz ulergarria da EAEko zinemetako askok ateak ixtea”. Agintariek aretoei ezarritako ikusle-edukieraren murrizketak, ordutegiak mugatzeak eta orain tabernak irekita edukitzeko ezintasunak egoera latzean utzi ditu zinema areto asko. Horri guztiari estreinaldi falta gehitu behar zaio; izan ere, pandemiaren hasieratik filmen estreinaldi kopuruak nabarmen egin du behera. Ondorioz, “sektorea bere unerik kritikoenetako batean murgildurik dago, eta berehalako neurririk hartzen ez bada, haren bideragarritasuna arriskuan egon daiteke”.

Larrialdi-egoera hori iritsi da, nahiz eta egiaztatu den zinema aretoak erabat seguruak direla, ez dela bertan birusaren agerraldirik izan eta agintariek ezarritako osasun-neurri guztiak zorrotz betetzen direla.

Zabaldu: