(argazkia: Alberdania)

Yurre Ugarte idazleak ‘Lilurabera’ narrazio laburren bilduma aurkeztu du

Zortzi ipuinez osatuta dago idazle tolosarraren liburu berria. Honetan ia protagonista guztiak emakumean dira eta artea dute bizimodu.

Yurre Ugarte (Tolosa, 1965) idazleak zortzi kontakizun bildu ditu Lilurabera izenburuko liburuan. “Egoerak oso aldakorrak dira batetik bestera, baina giro eta atmosfera bat dute”, adierazi du egileak. Arteak modu batera edo bestera zaurituriko pertsonaiak ekarri ditu liburu honetara idazleak. “Baina artea, hemen, ez da ikuskizun edo gozagai hutsa. Artea dute bizimodu kontakizun hauetako pertsonaiek. Artea eta, batez ere, liluraren indarraren baitan ikusten dute egunerokotasunaren mamu amets-hiltzailearen atzaparretatik onik irteteko modua. Artea eta bizitzaren arteko lotura guztiz intimo baten egarriak eta esperientziak bizi dituzte”.

Pop kultura da Ugarteren liburuaren erreferentziazko mugarria, eta “pop kulturaren alaba” gisa definitzen ditu kasu gehienetan emakumezko diren protagonistak.

Liburuak biltzen dituen zortzi narrazioak ez dira, ordea, fikzioaren alorrekoak, “liburua ixteko, bizi kondaira literario-musikal bat jarri dut, fikziozkoa ez dena. Badakit kronika erregistroa eta fikzioa nahastea oso praktika arriskutsua dela, berez. Zergatik erabaki dut erronka hori neure buruari planteatzea? Batetik, kronika apur bat fikzionatu horrek erabateko fikzioa dirudielako, nahiz eta erabateko kronika den; eta, bestetik, begitandu zaidalako iragana, testu horretan, fikzioaren mugetan jolasean dabilela. Horra, beraz, liburu honetan arrisku narratibo horrelako bat nire gain hartzeko arrazoi bikoitza”, azaldu du tolosarrak.

Fikzio hutsezko ipuinetan, berriz, pertsonaiak eta bizipenak egoera desberdinetan mugitzen direla aipatu du egileak: “batean, esaterako, argazkilari bat nerabezaroko adiskidearen eraginaz oroituko da, eta orainaldira ekarriko du harekiko bizipena. Beste batean, kultur kudeatzaile bihurtu den artista izandako batek ere hartuko du kontatzeko bere txanda, edo etxerik gabe geratu den diseinatzaile izandako batek, zein pop arte fenomenoari buruzko tesia aurkeztear dagoen doktoregaiak…”

Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez Bech editoreak adierazi duenez, “kasu guztietan Ugartek irakurleari proposatzen dion literatura ituna ez da barea, ez da irakurketa petit bourgeois bat. Aitzitik, gauza eta erabaki antza txikietan dagoen bizi-tentsioa azaleratzen du etengabe”.

Zabaldu: