(argazkia: Korrika)

Ediziorik maitatuena eta zainduena izan da aurtengo Korrika

Edizio berriak eta berrituak egiten jarraitzeaz gain, euskal gizarteari Korrika eskainiko zaio euskararen olatua handitzen jarraitzeko.

Atzoko Korrikaren amaiera eta festa arrakastatsuaren ondoren, 22. edizio honen lehendabiziko balantzearen berri emateko bildu dira gaur AEKko ordezkariak, Donostiako Bulebarrean. “Egin dugu! Oso Korrika garrantzitsua izan da!”, hitz horiekin eman diote hasiera agerraldiari. Bertan, adierazi dutenez, “oso garrantzitsua” izan da euskararen olatua herriz herri berreskuratzea, urtebete geroago izan bada ere, baita azarotik hona Korrikaren ikasturtea ia normaltasun osoz gauzatzea ere.

Asier Amondo Korrikaren arduradunak, adierazi du hil hauetan, hamaika ekitaldi antolatu direla han eta hemen, oso Korrika kanpaina bizia izan dela, eta azken egunotakoa, itzela izan dela: “Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepidetan gertatu dena zinez indartsua izan da. Korrika egin da; hasteko, hori da AEK/Korrikaren poz nagusia, egitea, alegia. Korrikaren helburuetako bat guztiz lortu da: euskararen aldeko kontzientzia, herri-gogoa, hauspotzea. Herri bat gara, euskararen herria gara”.

Era berean, Korrikak bigarren helburu bat dauka, bizirik segitzen duena: dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeari begira. Euskal Herri osoan, helduen euskalduntzera bideratzen diren baliabideak ez dira nahikoak. Amondok azaldu duenez, aurrerapausoak izan dira azken hiru urte hauetan, baina harago joan behar da, eta bitartean, AEK-k berak egiten duen ahalegina, esate baterako, Euskal Herri osoan orain arteko berdintasun parametroetan ematen jarraitzeko, AEKideek erreserba funtsa sortu dute, bazkideek nahitaezko ekarpenak eginez osatzeko, Korrika antolatu da, jendartearen babes ekonomikoa jasotzeko. “Goiz da balorazio zehatz bat egiteko, baina hainbat aldagaik erakusten dute Korrikaren helburu ekonomikoa ere lortu dela”, nabarmendu du.

Amaitzeko, Korrikatik euskal gizarteari mezu bat luzatu nahi izan diote: “inoiz baino argiago dugu Korrika egiten jarraituko dugula; edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babesa izan duen: ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena”. Beraz, edizio berriak eta berrituak egiten jarraitzeaz gain, euskal gizarteari Korrika eskainiko zaio euskararen olatua handitzen jarraitzeko. AEKrentzat, eta, AEKren ustez, gizartearentzat ere, Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko da euskararen auzian urrats eraginkorragoak eman daitezen. Atsedena hartu eta laster buru-belarri ekingo zaio 23. Korrikaren prestaketari. Eskerrik beroenak eman zaizkie asko auzolan erraldoi honetan parte hartu duten guztiei.

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile Nagusiak ere hitza hartu du, “Korrikatik harago, AEKren eguneroko lanek segitzen dute; gaur bertan, adibidez, euskaltegiak zabalik daude Euskal Herriko txoko askotan, baita aktibo AEK-k aurrera eramaten dituen beste jarduera asko ere”. Amaieran biharamunean, lehenik eta behin, AEKtik herritarrei mezu bat luzatu nahi izan die: “euskaltegiak zabal-zabalik dituzue, euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko, gehiago erabiltzeko”. Era berean, deialdi berezia egin die euskaraz ezagutu ez eta Korrikan parte hartzen duten edota miresmenez segitzen duten horiei, euskaltegietara joateko gonbitea luzatu die, guztiz sinistuta zirraragarria izango zaiela hurrengo edizioan ere parte hartzea, dagoeneko euskara ezagututa.

Gaurkoa amaitzeko, herritarrei ez ezik, AEK-k erakunde nagusiei eskaera zuzena luzatu nahi izan die. Korrikaren ingurumarian, abian jarri da doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duen dinamika ere (Hitzekin. Denok euskara doan). Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela. Beraz, erakundeen aldetik erabaki ausartagoak hartu beharko dira: “Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere.

Iribarrenek ere eskertu nahi izan du egunero eta Korrikan AEKrekin bat egiten duen jendea.

Zabaldu: