(argazkia: Tabakalera)

‘Egia’, ‘Lonely People, Neon Cities’ eta ‘Eutsi goiari!’ proiektuak aurkeratu dituzte 2deo serieak 2023 deialdirako

Egitasmoak garapenerako espazio berri bat eskaini nahi die edozein formatuko eta generoko serie bat sortzeko apustua egin duten talentu berriei zein ibilbide profesional luzea duten pertsonei, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin.

2deo Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak 2deo serieak 2023 deialdian hautatutako egileak eta lagunduko dituzten aholkulariak hartuko ditu gaurtik aurrera, aukeratutako proiektuak lantzen hasteko: Xabi Ojinagaren (Bermeo, 1992) Egia; Monica Lilac (Madril, 1996) eta Sergio Stendhalen (Madril, 1996) Lonely People, Neon Cities; eta Ainhoa Artetxeren (Bilbo, 1993) Eutsi goiari!.

Egitasmoak garapenerako espazio berri bat eskaini nahi die edozein formatuko eta generoko serie bat sortzeko apustua egin duten talentu berriei zein ibilbide profesional luzea duten pertsonei, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin.

Aurtengo deialdian hautatutako hiru proiektuek 5.000 euroko garapenerako laguntza jasoko dute proiektuan lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, industriako profesional ezagunen eskutik. Maiatzetik irailera bitartean, aurrez aurrekoak eta online saioak egingo dira, eta sortzaile bakoitzak bere mentoreekin batera lan egingo du:

Koldo Almandoz zinemagileak Egia proiektua lagunduko du, Anna R. Costa zinemagileak, berriz, Eutsi goiari! proiektua, eta Lonely nights, Neon cities proiektuaren aholkularitza Laura Sarmientok egingo du.

Hiru aholkulari hauek euren ekoizpenen sortze-prozesuak partekatuko dituzte, eta hautatutako proiektuen egileek prestakuntza espezifikoa jasoko dute gidoiaren idazketari, narratiba berriei, ikus-entzunezko produkzio-ereduei eta eduki-plataformei dagokienez. Aholkularitza gaur bertan hasiko da Laura Sarmiento Intimidad (Netflix, 2022) telesailaren gidoilari eta ekoizlearen eskutik jasoko duten formakuntza batekin hiru egun iraungo duen topaketa baten barruan.

Aholkularitza-prozesuaren azken zatia Donostiako Zinemaldian izango da. Hautatutako sortzaileek jaialdiko Industria programan parte hartzeko aukera izango dute. Bertan, euren proiektuak aurkeztuko dituzte balizko ekoizle, banatzaile edo inbertitzaileen aurrean; batez ere streaming plataformen eta telebista kanalen aurrean.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “2deo serieak programaren aurreko bi edizioek jaso duten erantzun ona eta hautatutako proiektuek ibilbide arrakastatsua izan dute Tabakalerako 2deo laborategitik igaro ondoren. Horren adibide argia da Victor Alonso-Berbel eta Jan Matheuren Raval proiektuak Avalon zinema independentearen produktore eta banatzailearekin joan den Zinemaldiaren edizioan telesaila garatzeko akordioa lortu izana, eta 2deo serieak programaren lehen deialdian hautatutako beste proiektu bat Amerikako Estatu Batuetan telesaila filmatzeko lantaldea osatzen ari dela”.

Proiektuak

EgiaMarkel, lehertzeko zorian dagoen nerabea da. Anaia nagusia espetxeratu zutenetik, amaren zaindari bihurtu da. 2010eko hamarkadaren hasieran gaude eta boom turistikoarekin batera urteetan desagertuta egon den aita agertuko da hirian.

Eutsi goiari!: Pandemiaren krisiaren ondoren, Leak bere bikotekidearekin hautsi du, ez du aktore gisa onartua izatea lortzen, eta bere izeba Miren, bere bizitzako erreferentea, bat-batean hiltzen da auto istripu batean.

Lonely People, Neon CitiesEgunaren argia desagertzen denean, hiriak argi artifizialez betetzen dira. Farola kontaezinek hartzen dituzte kaleak, eta leiho bakoitzaren atzean bizitza bat ezkutatzen da. Argi orok du bere jatorria, baita bere itzala ere. Neoizko labirinto handi hauetan, zortzi istorio sortzen dira gauean.

Zabaldu: