EHZ festibala bertan behera utzi du antolakuntzak

Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, ekainaren 26, 27 eta 28an, Irisarriko landetan egitekoa zen Euskal Herria Zuzenean Festibala bertan behera utzi dute antolatzaileek.

COVID-19 birusak eragindako krisiak Euskal Herriko errealitatea astintzearekin batera, panorama kulturala ere hankaz gora ezarri duela azaldu dute Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaileek. Ekimen handien galaraztea uztaila erdira arte luzatzeko agindua dela eta, datorren ekainaren 26, 27 eta 28an Irisarriko landetan ospatzekoa zen festibala, maluruski, bertan behera geldituko dela jakinarazi dute sare sozialetan zabaldutako ohar labur baten bidez.

“Urte osoan hamarnaka laguntzaile elkarlanean aritu gira EHZ festibalaren 25. edizioa antolatzen, eta ekaineko ekitaldia ezeztatu arren, aukera ezberdinak aztertu ditugu”, adierazi du antolakuntzak. Edizio honetarako eskuratutako sarrerek hurrengo ediziorako balioko dutela nabarmendu dute, baina sarrera itzultzeko parada ere izango da, kom@ehz.eus helbidera mezu bat igorriz.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu festibala posible egiten duten eta aurten eskuz esku lanean aritu diren pertsona guztiei. Era berean, gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu egoera honen aitzinean okerren pasatzen ari diren pertsona eta kolektiboei”.

Gora beherak gora behera, belaunaldi berri batek hartu zuen pasa den urtean, EHZ festibala antolatzeko ardura. Auzolanaz berpiztu leloarekin, edizio arrakastatsua antolatu zuten Irisarrin.

Zabaldu: