Nagore Laffage eta ‘La Manada’ kasuetan oinarritutako antzezlana estreinatuko dute Donostian

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldeak bi kasuotan oinarritutako Birritan bortxatua antzerki obra aitzindaria aurkeztu du. Euskarazko fikzio dokumentala Euskal Herri osotik taularatuko dute.

Nagore Laffage eta Iruñeko talde bortxaketaren kasuak, Saioa Royo (Donostia, 1975) eta Ion Martinez Txiki (Donostia, 1980) aktoreen gertuko esperientzia errealekin batera, dira Birritan bortxatua antzezlanaren oinarria. Datorren otsailaren 22an eta 23an Donostiako Gastezena aretoan estreinatuko dute.

Aurreratu dutenez, emakumeak bortxaketa baten ostean jasaten duen biktimizazio bikoitzaren argazki gogorra da antzezlana. “zer pasatzen da bere burutik? Zergatik galdetzen diote galdetzen diotena? Zergatik berpizten diote dena berriro?”

Royo biktimaren azalean sartuko da eta Martinezek fiskalaren eta defentsaren abokatuaren papera egingo du. Antzezlan honetan elkarrizketetako batzuk benetakoak direla azpimarratu dute.

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldeak hamarkada bat bete du eta testuinguru horretan kokatu nahi izan dute aktoreek obra, “laugarren antzezlana dugu honakoa eta pausu bat eman nahi izan dugu gure ibilbidean. Txiki-k aspalditik zuen ideia buruan, eta, dokumentazio lan sakon bat egin ondoren, martxan jarri zuen”, azaldu du Royok. Hala, orain urtebete ekin zion Martinezek gidoia prestatzeari: “Nagore izeneko 44 urteko emakume bat bere herriko jaietan bortxatu dute 2016ean. Herriko ezagun batek egin du. Nagore epaiketara doa, eta, egiten dioten galdeketek beregan zer eragin duen azalduko dugu. Hori da ardatz nagusia”, adierazi du.

Errealitate desberdinetatik abiatutako fikziozko historia bat egin nahi izan dute, “transkripzio garbirik” egin gabe. “Galderak hartu ditugu, oso potenteak baitira, baina errealitatean oinarritutako fikziozko istorioa da. Epaiketako galdera gehienak, esaterako, benetako epaiketetako galderak dira, gehien bat Iruñeko talde bortxaketaren eta Nagore Laffageren epaiketakoak. Honez gain, zoritxarrez gure inguruan entzundako eta bizitako esperientziez ere baliatu gara gure antzezlana osatzeko”.

Aktoreek argi dute obra testuinguru zehatz bateko ekimena ere badela. “Abiapuntua Nagore Laffageren kasua izan zen. Hortik argiago azaleratu, bisibilizatu edota jendarteratu baitzen eraso matxisten aurkako gizartearen mobilizazioa, eta, mugimendu feministak bultzatzaile handienak izan ziren. Ondoren, talka handia egon zen Iruñeko talde bortxaketaren kasuarekin, eta gizartearen mobilizazioak inoiz ez bezalakoak izan ziren. Horrek guztiak eragin zuzena izan zuen gugan, eta antzerkiak eskaintzen dituen elementu guztien laguntzaz gure harri koxkorra jarri nahi izan dugu antzezlan honekin”, esplikatu du Martinezek. “Askotan pentsatzen dugu horrelako gauzak ez direla euskal jendartean gertatzen, eta hemen ere badira. Gu antzerkilariak gara, eta, jendartearekin batera joan nahi dugu gure ekarpena eginez”.

Emakumeen sexu-erasoei buruzko obra “aitzindaria” dugu honakoa, izan ere, orain arte ez baita euskaraz honelakorik sortu. “Egin dira modu bateko eta besteko antzezlanak indarkeria matxistaren inguruan, baina hau izango da bai indarkeria matxista, bai estatu boterearen patriarkaltasunaren gaia era gordinean jorratuko dituen euskarazko lehen antzezlana”, azpimarratu du Royok.

Izenburuari dagokionez, Birritan bortxatua izena du lanak; izan ere, “azkenean gure hausnarketa da: bortxaketa baten aurrean, bortxatzailearen kontra daukadan tresna bakarra epaitegia da, eta, epaitegian bortxatua sentitu naiz. Hedabideak zure gainean dituzu, kasua toki guztietan azaldu da, epaitegira zoaz, berriz kontatu behar duzu dena denen aurrean… Hortaz, azkenean, gure ondorioa da bigarren aldiz bortxatua epaitegian izan dela. Hori izan da niretzako obra honetan fuerteena”, dio Royok.

Euskal Herritik bira zabala

Momentuz, hauek dira euren birako hurrengo datak:

-Otsailak 22 eta 23: Donostiako Gazteszena Aretoa, 20:00etan.

-Martxoak 27, Usurbilen, Nazioarteko Antzerki Egunean. 20:00etan.

-Martxoak 28, Ihabar, Uharte Arakil, kulturgunean, 18:00etan.

-Apirilak 26, Donostiako Doka Kafe Antzokian, 19:00etan

-Maiatzak 9, Mauleko Tokia antzerki gunean, 21:00etan

-Maiatzak 10, Donostiako Doka Kafe Antzokian, 19:00etan

-Maiatzak 17, Azkoitiko Mataixen, 19:00etan

Zabaldu: