Programaturiko 34 ikuskizun Nafarroako taldeek eta artistek garatuko dituzte.
Nafarroako Gobernuak uda garaian antolatzen duen Kultur programaren 29. edizioa aurkeztu du Iruñean. Egitasmoak kalitatezko eskaintza artistikoa Nafarroa osoan zehar sustatzea eta hedatzea ditu helburu. Honekin batera, tokiko erakundeei kultura hedatzen laguntzea, sektore artistikoa bultzatzea eta bertako ondare historiko, artistiko eta naturalaren balioa nabarmentzea nahi da.
Kulturako zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, ekimena “gure ondare kulturala, naturala eta historikoa ezagutzeko proposamena da, eta arte eszeniko eta musikal ugari eskaintzen ditu; lurraldetik gertuen dagoen programetako bat da”.
Askotariko programazioa
Egitaraua ostiraletik igandera eskainiko da ekainetik irailera bitartean. Ekitaldi kulturalak inguruneko jarduera turistikoekin osatuko dira. Programaturiko 34 ikuskizun Nafarroako taldeek eta artistek garatuko dituzte.
Hala, ekainaren 21ean, ostirala, abiatuko da ekimena Fiteron, Javier Lopez Jasoren Inmarcesible proposamen artistikoarekin eta irailaren 28an, larunbata, amaituko da Zuñigan, Greasyren emanaldiarekin.
Ekainean, Kultur Fitero, Artaxoa, Gabarderal, San Adrian, Izaba, Martzilla eta Agoitzera iritsiko da. Uztailean, berriz, Lapoblación, Orreaga, Donamaria, Bera, Berbintzana, Erronkari, Etxarri Aranatz, Lizarra, Zugarramurdi eta Lekunberrira. Abuztuan, herri hauetan izango da: Otsagabia, Ribaforada, Elizondo, Garralda, Los Arcos, Gazteluberri, Mendigorria, Tafalla, Corella, Viana, Untzue, Zangoza, Lezaun, Leireko monasterioa eta Lodosa. Azkenik, programa irailean amaituko da, eta kontzertuak eta emanaldiak izango dira Faltzes, Altsasu, Tutera, Leitza, Arguedas, Uxue, Buñuel, Lizaso-Orgi, Gares eta Zuñigan.
Edizio berri honetan, publiko orokorrari hainbat gertaera, mito, tradizio, legatu eta sinesmen hurbildu nahi dizkion proposamen bat dago, iruditeria kolektiboan sorginaren irudia eraikitzeko garrantzitsuak izan zirenak. Nafarroako Maria Jimenez Morenoren obra da, argazkia, marrazkia, instalazioa, baina batez ere ehun-eskultura (bereziki, kakorratzez ehundutakoa) lantzen dituen artista da. Materialek zein teknikek eskaintzen dizkioten aukeren eremu zabala ikertzen du.
Era horretan, Bertizko Lorategi Historiko-Artistikoan, Maria Jimenez Moreno artistaren Basati-Salvaje erakusketa ikusgai izango da, Nafarroako sorginen ehizaren testuinguru historikoa, kulturala eta soziala hobeto ezagutzeko. “Sentsoriala dena indartu nahi dut errealitatearen pertzepzioaren zati moduan, eta erreala eta onirikoa lotzea ere bai, lurralde liriko pertsonala landuz”, nabarmendu du programaren aurkezpenean.
Programazio osoa, hemen.