Ekainaren 28an abiatuko da Zestoako Antzerki Astea

Caravan Parkeko pabiloian izango dira emanaldiak. Uztailaren 2an, emakume sortzaileen inguruko mahai-ingurua ere egingo da, Kultur Etxean.

Ekainarekin batera, bueltan da Eromen antzerki taldeak urtero antolatzen duen Zestoako Antzerki Astea. Aurten, ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean izango da eta hainbat antzezlan eta ekintzaz gozatzeko aukera izango da herrian.

Guztira, bost antzezlan ikusteko aukera egongo da:

Lehena Lesakako Mairu antzerki tailerraren Iluntzen lana izango da, Iban Garro, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi eta Ritxi Abril aktoreekin. Hilaren 28an eskainiko dute emanaldia, arratsaldeko 20:00etan, Caravan Parkeko pabiloian. “Ibai baten ertzean dagoen herri batean bizi dira Erramun Joakin, Mari Pili, Shepherd Jauna Eta Cristobal Erraldoia. Kezkaturik daude herria husten ari delako; jendez gutxitzen… garai batean aberatsa izandako lekua iluntzen ari da. Nola eragotzi herria itzaltzea? Nola biziraun?”

Ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean, berriz, Eromen-ek Guateke antzezlana eskainiko du. Amancay Gaztañagak zuzendu du obra eta Iñigo Dierezek testua idatzi du. “Ongi etorriak izan zaitezte gure festa erraldoira! Bete sabelak, busti eztarriak eta mugitu zuen eskeletoak munduaren amaiera balitz bezala! Beste guztia….gure kontu! Zer gertatuko litzateke munduaren amaierak festa batean harrapatuko bagintu?”.

Uztailaren 2an, Artedramak Amancay Gaztañagak zuzendutako Atzerrian lurra garratz antzezlan berria taularatuko du Ander Lipus eta Laura Penagos aktoreekin. “Aurora mora bere instalazio artistikoari azken ukituak ematen ari da, bere bizitza betirako aldatuko duen deia jasotzen duenean. Posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Posible, familia eta aberriaren zama gainean dugula, hegaldi propioari ekitea?”

Uztailaren 3an, Xake Produkzioak-en txanda izango da. Konpainiak Fadoak entzuten zituen gizona obra eskainiko du. Taula gainean Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain eta Kepa Errasti aktoreak ikusiko ditugu, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean. “Mikel kamioilaria da, eta lan kontu batengatik Lisboara bidean da. Kotxean doala, Ander jasoko du. Mutila Huelvako Ayamonte herrira doa fado lehiaketa amateur batean parte hartzera. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mikelek lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan”.

Asteari amaiera emateko, uztailaren 4an, Santiaga izeneko gaztetxoentzako antzezlana ikusteko aukera egongo da, goizeko 12:00etan. Egoitz Elosuak, Nara Ayalak, Itxaso Larrañegik, Ekiñe Zubeldiak, Irati Hierrok, Nora Martinek eta Nora Naranjok osatzen dute aktoreen zerrenda. Zuzendari lanetan, berriz, Mikel Ibarguren aritu da. “Santiagari bizitza aldatu zaio, gurasoak galdu ditu eta amonarekin bizi da. Lagunekin arazoak ditu eta ez du bere lekua topatzen. Amonak bakarrik dakien sekretu bat dauka, baina ezin izango du sekretu honek dakarren guztia kontrolatu eta dena hankaz gora jarriko du. Nola kontrolatu zure menpe ez dagoen hori?”

Emanaldi guztiak Caravan Parkeko pabiloian izango dira, arratsaldeko 20:00etan, Santiaga izan ezik, gaztetxoentzako antzezlana goizeko 12:00etan eskainiko da.

Sarrerak salgai

Sarrerak salgai daude Zestoako Turismo Bulegoan. Antzezlan bakoitzerako sarrerez gain, obra guztiak ikusteko bonua ere eskuratu ahal izango da, 26 euroren truke.

Zabaldu: