(argazkia: Kultur Sharea)

Ekainaren 30etik uztailaren 2ra I. Gazteen Dantza Topaketa egingo da Asparrenan

Gazteen Dantza Topaketa 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Egingo diren jardueren artean, azpimarratzekoak dira talde-dinamika, dantza-taldeetan duten eginkizunari buruz hausnartuko baitute, eta Asparrenako kaleak zeharkatuko dituen kalejira, larunbat arratsaldean.

Euskal Dantzarien Biltzarrak Euskal Herriko I. Gazteen Dantza Topaketa antolatu du ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean Asparrenan. Bertako kideek azaldu dutenez, “gaur egun, Euskal Herriko dantza taldeek egiturazko arazo baten aurrean gaude: belaunaldi erreleborik eza. Irtenbide bat bilatzeko asmoz, gazteen aldeko apustua egin dugu Gazteen Dantza Topaketa antolatuz. Haien baitan baitago irtenbidea”.

Ekimen honen bidez gazteen ahalduntzea bilatu nahi dute, “haien nortasun sentimendua areagotu”. Hala, asteburu batean zehar, Euskal Herri osoko dantzari gazteek dantza tradizionalez gozatu ahal izango dute modu ludiko batean, emanaldietan ohituta dauden zurruntasunik gabe. Talde eta herrialde ezberdinetako dantzarien arteko harremanak sustatu nahi dira.

Gazteen Dantza Topaketa 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Egingo diren jardueren artean, azpimarratzekoak dira talde-dinamika, dantza-taldeetan duten eginkizunari buruz hausnartuko baitute, eta Asparrenako kaleak zeharkatuko dituen kalejira, larunbat arratsaldean.

Parte hartu nahi duten gazte dantzariek martxoaren 24ra arte izango dute izena emateko epea zabalik. Horretarako ondorengo formularioa bete beharko dute.

Zabaldu: