(argazkia: Euskal Eskola Publikoa)

Ekainaren 5ean egingo dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Bastidan

Hazitik gora izango da leloa. “Honen bidez Arabako Errioxako ikastetxe publikoak balorean jarri nahi ditugu, bizitzen ari diren transformazio prozesuak aitortuz eta gizarteratuz.

Covid-19aren ondorioz azken bi urteetan bertan behera geratu ondoren, Euskal Eskola Publikoaren jaia Bastidan ospatuko da aurten, ekainaren 5ean. Bastidako eskola publikoko ordezkariek, Arabako Errioxako ikastetxe publikoetako ordezkariek, familiek eta zuzendaritza-taldeak prentsa aurrean egin dute jaiaren aurkezpena. Izan ere, guztiak ari dira jaia antolatzen. “2019ko azaroan prentsaurrekoa egin genuen Bastidako eskolan gaur batzen gaituen helburu berberarekin. Orduan ez genuen imajinatzen zenbat aldatuko zen gure bizitza hilabete gutxi batzuetan”, adierazi dute.

Argi zuten Arabako Errioxak Euskal Eskola Publikoaren festa handi bat merezi zuela eta ohikoa den bezala, festa eta aldarrikapena batuko dituzte. “Ikastetxe publikoen eguneroko lana balioan jartzeaz gain, beharrezkoak ditugun baliabideak exijituko dizkiogu administrazioari, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eman ahal izateko.

Leloa eta irudia

Hazitik gora izango da Jaiaren leloa. “Honen bidez Arabako Errioxako ikastetxe publikoak balorean jarri nahi ditugu, bizitzen ari diren transformazio prozesuak aitortuz eta gizarteratuz. Hiriburutik urrun egon arren eta Errioxako mugan, gainerako ikastetxe publikoak bezala ezinbesteko elementuak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko. Euren tamaina txikia ere abantaila bat da ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko. Horretaz gain, sarean egiten dute lan, praktika onak konpartituz elkarrengandik ikasten”.

Irudiari dagokionez, ernamuintzen ari den hazia irudikatzen du kolore desberdinekin, Arabako Errioxako eskola publikoak bizi duen eraldaketa prozesua islatuz. Humanos Unidos-eko Miguel Angel Herrera da egilea, eskola publikoko aita hain zuzen ere.

Bastidako espazio hauek hartuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia:

  • Eskola: bertan egingo da hasiera ekitaldia.
  • Herriko plaza: jaiaren erdi-gunea izango da.
  • Igerilekuak eta ikastola aurreko zelaigunea: haur eta gazteentzako guneak.
  • Frontoia: bazkaria.
  • Irakaslearen plaza, Jai plaza: kultura-ekitaldiak.
  • Bastidako kaleetan zehar: kale animazioa

Baina jarduerak ez dira mugatuko ekainaren 5era bakarrik. Ekainaren 4rako programa prestatzen ari dira, asteburua Arabako Errioxara hurbildu nahi dutenentzat. Horretaz gain, jardunaldi pedagogiko bat egingo dute maiatzean irakasle eta gurasoekin, eta abestia aurkeztuko dute Aste Santuetako oporren ondoren.

Zabaldu: