Epaimahaiak, besteak beste, lanari darion umorea azpimarratu du, “idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia, hizkuntzarekin jolasteko trebezia”.
Ekaitz Herrerak (Abadiño, 1986) irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Aurkezturiko hogeita bost lanen artean, Hondar batean arre izenekoa hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta horrenbestez Herrerak eramango du zortzi mila euroko saria, baita bere nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu ere, hemendik urtebetera, orain proiektu dena amaitutakoan.
Idazle abadiñarrak ostiral arratsaldean jaso zuen saria, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen emaitza, Julen Apellaren Sakelako bihotzak eleberria.
Nobela-proiektuan Mattin da protagonista, 60 urteko gizonezkoa, ospitalearen aurreko postuan loreak saltzen dituena. Negozioa txarto doala-eta, kalean ikusiko du bere burua, eta bizileku berri bat topatuko du, ikasle-pisu batean. Ia berrogei urte gazteagoak direnekin bizitzen ikasi beharko du, haien kodeak ezagutu, ohitura berrietara ohitu. Eta, horrekin batera, bizi osoan inoiz maitemindu ez den eta hori zer den ere ez dakien gizonak bere burua hobeto ezagutu eta deskubrituko du, baita bizitzaren etapa berri bati ekin ere. Epaimahaiak, besteak beste, lanari darion umorea azpimarratu du, “idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia, hizkuntzarekin jolasteko trebezia”.
Ekaitz Herrera Azkarraga ikus-entzunezko komunikazioan graduatu zen. Hainbat lan egin ditu euskarazko hedabideetan, hala idatzizko prentsan nola telebistan zein irratian. ETBko hainbat saiotan esku hartu du erredaktore eta gidoilari lanetan, Herri txiki, infernu handi, Bisitaria, Burubero eta Sautrelan, besteak beste. Azken urteotan, Durangaldeko Anboto tokiko komunikabidean dihardu erredakzio buru. Honako hau izango da bere lehenengo obra literarioa.