[BIDEOA] Ekida artea eta kultura ikuspegi sozialista batetik lantzeko espazioa sortu dute

www.ekida.eus webgunea erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, kritikak eta ekoizpen artistikoak plazaratzeko eta horien inguruan hausnartzeko plaza izango da.

Artea eta kultura ikuspegi sozialista batetik lantzeko espazioa martxan jarri dute. Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, Ekida sozialiston kultur ekimena “eraikin bat da, espazio bat, kulturaren eta artearen esparruak ikuspuntu sozialista batetik lantzeko”. Hala, argitalpenerako, eztabaidarako, kritikarako, azterketarako, sustapenerako aukera emango duen ekimen bat izan nahi du.

Komunikabideei bidalitako ohar batean adierazi dutenez, “azken urteotan Euskal Herrian garatu den borondate politiko sozialistaren baitan askotarikoak izan dira kulturari eta arteari ere ikuspuntu horretatik heltzeko saiakerak. Intuizioak partekatu eta hausnartzeko aukera eman dute hainbat lekutan egindako mahai-inguruek, hitzaldiek eta mintegiek, besteak beste”. Eztabaida eta asmo horiei jarraipena, egitura eta teilatua eman nahi die ekimenak orain.

“Langileok kulturalki ere bagara azpiratuak: ez gara gai gizarte kapitalistatik haragoko ezer pentsatzeko, inpotentziak eta frustrazioak betetzen dute gure bizimodua, eta horixe kontatzen dute gure arte-espresioek, egoera horren gainditzea irudikatzen lagundu beharrean. Gainera, kultur mundua bera ere inoizko despolitizatuen ageri zaigu. Ez dago elitismoaz eta azaleko alternatibismo faltsuaz haragoko eztabaidarik ia, eta arte ekoizpena nostalgian eta indibidualismoan gotortu da”, azaldu dute.

Egitasmoaren sustatzaileek beharrezkoa ikusten dute “kulturari eta arteari posizio sozialista batetik heltzea: eztabaida politikoa berpiztea, kritika sustatzea, forma artistiko berriak garatzea. Kultur esparruan ere beharrezkoa da gizarte kapitalista gainditzeko antolakuntza komunistaren printzipioei heltzea. Hori da Ekidaren asmoa, apatiarekin eta indibidualismoarekin haustea eta iraultza sozialistarekin konprometitutako artistek gizarte kapitalistak inposatutako esanahiak eta formak zalantzan jarriko dituen arte-ekoizpen propio baten eraikuntzari ekiteko espazioa ematea”.

Webgunea martxan jartzea izan da Ekidaren aurreneko urratsa. Bertan, hilabetero arteari eta kulturari buruzko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, kritikak eta ekoizpen artistikoak plazaratuko dira. Aurrera begira bestelako proiektu batzuk ere sustatuko dituzte: artisten arteko kolaborazioak, argitalpenak, mahai-inguruak eta beste.

Aurkezpenak

Datozen asteetan jendaurrean aurkeztuko da Ekida:

Otsailaren 12an Bergaran 18:00etan (lekua zehazteko)

Otsailaren 17an Bilboko 7katu gaztetxean 19:00etan

Otsailaren 18an Donostiako San Jeronimo kaleko aretoan 18:00etan

Otsailaren 26an Iruñeko Katakrak liburu-dendan 18:00etan

Martxoaren 14an Zarauzko gaztetxean 11:00etan

Zabaldu: