(argazkia: Euskararen Etxea)

Bilboko Euskararen Etxeak ‘Euskal Alien Nazioa’ ihes-gela jarri du martxan

Ekimenak ordubeteko iraupena izango du eta gehienez lau jokalarik parte hartu ahal izango dute. Otsailaren 8ra arte egongo da izena emateko epea zabalik. Euskal Alien Nazioa Euskararen Etxean dagoen Euskararen Interpretazio Zentroa sustatzeko ekimenen artean kokatzen da.

Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroan, Euskal Alien Nazioa ihes-gela sortu dute esperientzia berriak bilatzen dituztenentzat. Izenak berak dion bezala, jolasaren muina espazio jakin batetik ihes egiteko modua aurkitzea da. Talde lanean oinarritzen den jolasa da, jokalariek euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko dute aretotik atera ahal izateko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “2155. urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira euskararekiko mirespenak itsututa. Beraien espazio-ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke. Beraien helburua argia da: euskara hartu eta beraien bizilekura eraman…”.

Ekimenak ordubeteko iraupena izango du eta gehienez lau jokalarik parte hartu ahal izango dute. Otsailaren 8ra arte egongo da izena emateko epea zabalik.

Euskararen Interpretazio Zentroaren egitasmoa

Euskal Alien Nazioa Euskararen Etxean dagoen euskararen Interpretazio Zentroa sustatzeko ekimenen artean kokatzen da. Interpretazio Zentroan astelehenetik larunbatera bisitatu daitekeen euskarari buruzko erakusketa iraunkorra dago, baina aurten, bestelako ekimenak abiatuko dira; tartean, gaur bertan hasiko den ihes-gela. Aurrerago bestelako ekimenen berri emango dituztela iragarri dute.

Ekimenari buruzko informazio guztia hemen.

Zabaldu: