(argazkia: Arabako Foru aldundia)

‘El Mentiron: Gasteizko XIX. mendeko album baterako orriak’ izeneko erakusketa paratu dute Gasteizen

Erakusketan Ricardo Becerrok El Mentiron (1868-1869) egunkariko zuzendaritzan sortutako hogei bat diseinu satiriko daude ikusgai. Bibat Museoko Bendaña Jauregiko patioan jarri dituzte marrazkiak ikusgai, irailaren 25era arte.

Gasteizko Komedialdia jaialdiak umoreari lotutako ekimenez betetako egitaraua prestatu du igandera arte. Jaialdiaren harira, El Mentiron: Gasteizko XIX. mendeko album baterako orriak izeneko erakusketa ere aurkeztu dute, Bibat Museoko Bendaña Jauregiko patioan dago ikusgai.

Ander Gondra da erakusketaren komisarioa. Gondrak ikerketa sakon bat egin zuen XIX. mendeko Arabako kultura panoramako pertsonarik garrantzitsuenetako baten inguruan, 2021ean Historias Increíbles. Antología de relatos de Ricardo Becerro de Bengoa kontakizunen antologia islatzen zuen liburua argitaratu ostean.

Erakusketa honetan, Ricardo Becerrok El Mentiron (1868-1869) egunkariko zuzendaritzan sortutako hogei bat diseinu daude ikusgai. “Munduko egunkari ilustratu merkeena” bezala ezagutzen zen, eta igandero Arabako ohiturei buruzko artikulu-sorta bat Gasteizko etxeetara helarazten zuen.

Erdi Aroko Araba elkarteak adierazi duenez, “erakusketa bere garaiko umorearen, eztabaida eta ezkutuko interesen eta garai hartan bizi zen egoera politiko nahasiaren adierazle ezin hobea da”.

Vital Fundazioaren eta Sancho el Sabio Fundazioaren laguntza beharrezkoa izan zen erakusketa egin aurreko ikerketa egiteko, eta Erdi Aroko Arabak eta Komedialdia umore jaialdiak haien babesa eskertu nahi izan dute. Erakusketa irailaren 25era arte bisitatu ahal izango da.

Zabaldu: