(argazkia: Euskaltzaleen Topagunea)

Mintza Eguna egingo dute ekainaren 5ean, Hendaian

Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale guztiak gonbidatu nahi dituzte ekimenera, harreman berriak sortzeko eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutzeko aukera bikaina dela diote antolatzaileek. Txartelak maiatzaren 30era arte egongo dira salgai.

Euskal Herriko mintzalagunen festa nagusia egingo da ekainaren 5ean, Hendaian. Euskaltzaleen Topagunea da ekimen honen antolatzailea eta euskaltzale guztiei luzatu nahi izan die gonbita, euskararen inguruan, jaiaz gozatzera etorri daitezen. Azaldu dutenez, “hogeita hamar urte betetzear dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak lehen mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik eta, gaur egun 6000 pertsonatik gora elkartzen dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko eta beste 1000 aritzen dira sarean. Azken bi urteetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eman duena, eta asko handitu da partehartzea. Hain zuzen Mintza Egunean Mintzanet edo Jalgi hadi mundurako sareen bidez mintzapraktika egiteko elkartzen diren kideak ere izango dira, Munduko Mintzalagunen Topaketan”.

Berrikuntza horretaz gain, aurtengo Mintza Egunak badu beste gehigarri bat ere. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Gorrak federazioak pilotaje bat jarri dute martxan pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonek euskara praktikatu dezaten eta Mintza Egunean zeinu hizkuntzako interpreteak izango dira. “Jadanik lortu dugu Mintzalagunon sarea Lapurdira ere zabaltzea, Mintzaian elkartearen eskutik. 2015etik dihardute Hendaian euskalduna eta euskaltzalea bihurtzen, hainbat ekintza antolatuz eta momentu honetan hiru Mintzalagun talde dabiltza martxan Hendaian. Mintzalagunek sekulako ekarpena egiten diozue euskalduntzeari: taldean elkarrekin euskaraz arituz eta ohitura hori ingurukoengana zabalduz, hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko aukerak zabalduz. Horregatik, Hendaiako esperientzia baliagarria izan daiteke Lapurdiko beste herrietan ere egitasmoa martxan jarri eta iparraldeko euskalduntzean eragiteko”. Adierazi du Topaguneak.

Ekainaren 5ean Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko dute MintzaPoza praktikatzeko deia eta “mingainak gustura astintzeko moduko egitaraua” prestatu dutela nabarmendu dute.

Egitaraua:

12:00etan Ongi etorri ekitaldia txistulariekin eta Gaztelu Zahar abesbatzarekin.

12:30ean Aperitifa.

13:00etan Hendaia ezagutzeko bisita gidatuak. Bi bisita gidatu egiteko aukera izango dute bertaratuek, bat tren txikian egingo dute eta bestea Andoni Etxarrirekin.

14:25ean Bertsolariak.

14:30ean Bazkaria.

16:00etan Haurren txokoa. Hainbat adin tartetako haurrek esperimentazio eta sormenerako aukera izango dute bazkalondoren.

16:15ean Esker emate ekitaldia eta munduko Mintzalagunekin topaketa. Urtero bezala, Mintzalagun talde batzuk omenduko dituzte. Horrez gain, munduko hainbat txokotatik ekitaldira batuko diren euskaldunekin bat egingo dute bazkalondoren.

16:30ean MintzaPoza jolasa.

17:00etan Erromeria Imuntzo eta Belokirekin.

Zabaldu: