(argazkia: Iruñeko Udala)

‘Elikaduraren maleta ibiltaria’ Iruñeko ikasgeletan egiteko hezkuntza-proiektua dagoeneko eskuragarri dago

Elikadura jasangarriari eta osasungarriari buruzko hezkuntza-proiektu hori Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei doan uzten zaizkien bi maletaz osatuta dago.

Elikaduraren maleta ibiltaria ikasgelan egiteko hezkuntza-proiektua dagoeneko eskuragarri dago Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzako. Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute baliabide horren erabilera sustatzeko. Hala, Nafarroako ikastetxeei utziko zaie eta udan beste hainbat talderi. Maletak material didaktiko sorta bat gordetzen du bere baitan, ikasleek elikaduran modu praktiko eta manipulatiboan sakontzeko, eta horrek osasunean zein ingurumenaren eta gizartearen arloetan duen garrantzia ezagutzeko.

Maletak irakasleentzako gida bat du jarduerak planteatzeko eduki baliagarriekin eta jarduera-proposamenarekin, hezkuntza-etapen arabera sailkatuta, curriculumarekin bat txertatu ahal izateko. Horrez gain, material-sorta bat ere badu, hala proposatutako jarduerak egiteko nola gaia lantzeko: liburuak, jolasak eta jostailuak, material osagarriak, eta abar. Erreserbak Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren webguneko erreserba-sistemaren bitartez egin beharko dira: https://educacionambiental.pamplona.es/.

Maleten mailegua doakoa izango da eta interesa duen ikastetxeak jasotzeko eta bueltatzeko ardura hartu beharko du, bai eta baliabidea erabili ondoren ebaluazio-formulario bat betetzeko ere. Bi maleta daude eskuragarri eta, ikasturtea amaitutakoan, interesa duten beste talde batzuek eskatu ahal izango dituzte.

Maleta ibiltariaren edukia
​​​​​​​

Gida pedagogikoaz gain, maleta honek Aiton-amonen baratza eta Baratza xarmagarria jokoak, Memory elikagai ekologikoei buruzko karta-jokoa, plater osasungarriaren kita, Harvard platera, zurezko fruta eta barazkien kita eta La pequeña oruga glotona, Beldar gosetia, Qué rico, 100 kontu ondo ezagutzeko Janaria, Inventario de frutas y verduras eta Fruta eta barazkien inbentarioa liburuak biltzen ditu.

Zabaldu: