(argazkia: Iruñeko Udala)

Gotzon Plazaren ‘Insomnioa’ lanak jaso du ‘Iruña Hiria’ XVI. Poesia Saria euskarazko modalitatean

Epaimahaiaren esanetan, “Insomnioa lanak idazleak teknika bikain menperatzen duela, eta horrek olerki-bildumari dotorezia maila nabarmena ematen diola erakusten du”.

Gotzon Plazak eta Manuel Jose de Larak Iruña Hiria Nazioarteko XVI. Poesia Saria jaso dituzte. Insomnioa eta Retrato apócrifo eta olerki-bildumak izan dira irabazleak euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako lehiaketaren edizio honetan 424 lan aurkeztu dira, 409 gaztelaniaz eta 15 euskaraz.

Plazak eta Jose de Larak 3.000 euroko saria eta beren lanekin argitaratutako liburua jaso dute, bai eta Udaletxeko fatxadaren irudi bat ere.

Epaimahaiaren esanetan, “Gotzon Plaza Jaioren Insomnioa lanak idazleak teknika bikain menperatzen duela, eta horrek olerki-bildumari dotorezia maila nabarmena ematen diola erakusten du”. Egileak “zentzu osoa ematen dio hautatutako gaiari, eta, aldi berean, hainbat gogoeta planteatzen ditu”. Egituragatik zein estiloagatik, dinamismoa lortzen duela nabarmendu dute epaimahaikideek olerki-bilduma osatzen duten bertsoen irakurketan.

Manuel Jose de Lara Rodenasen Retrato apócrifo lanari dagokionez, epaimahaiak nabarmendu du bere poesiak ‘berezko argiz dir dir egiten duela, edozein irakurlerentzako ulertzeko moduko hizkuntza duela eta norberaren egiak unibertsal egiten dituela hitzaren bidez”. Era berean, azpimarratu dute “ofizioa duen liburu bat dela, egileak oso ondo mamitua, non bereziki nabarmentzen baitira poema metaliterarioak”.

Zabaldu: