Memoria, gizontasun berriak, feminismoa edo identitatea dira denboraldi berri honetarako proposatu diren gaietako batzuk.
BBK Aretoak “aro berrirako programazio konprometitua” aurkeztu du. Onintze Ituiño eta Maria Goirizelaia arduratuko dira espazio honen antzerki arloko zuzendaritza artistikoaz eta, aurten, emakumea ardatz izango duen gizarte-programazioa garatuko dute. Emakumeek zuzendutako eta idatzitako ikuskizunez josita egongo da programazioa, eurak oraindik gutxiengoan dauden lanbideetan berdintasuna sustatzeko asmoz. Era berean, BBK Aretoak euskara normalizatzearen aldeko ekimenari eutsiko dio, izan ere, jarduera hori da bere lehentasunetako bat, “gure sortzaileen ahots guztiei irekita dagoen euskal kulturaren gune gisa sendotzen jarraitzeko xedez”, azaldu dute.
Memoria, gizontasun berriak, feminismoa edo identitatea dira denboraldi berri honetarako proposatu diren gaietako batzuk. Hala, “edozeinek izango du lekua denboraldi honetan eta lehen aldiz ekoizpen propioa jarriko da abian”. Goirizelaiak Federico Garcia Lorcaren Yerma izeneko lan klasikoan oinarritutako bertsio librea zuzenduko du. Ekoizpen horrek sektorean enplegua sortzeaz gain, antzerkigintza berrien sorrera sustatu eta euskaraz lehen aldiz Lorcaren lan honen bertsio bat oholtzaratuko du. Ane Pikaza aktore eta ilustratzailea izango da protagonista eta Patxo Telleriak egingo du euskarazko bertsioa. Horrela, datorren udazkenean estreinatuko den Yerma antzezlanaren bertsio honekin, aretoak ekoizpen propio eta independenterako bideari ekin dio, “BBK Aretoa orainaldiaz hitz egiteko gune aske gisa finkatu da. Eredu bikain baten printzipio eta praktiketatik abiatuta aintzat hartzen du, bere bi alderdietan: artistikoa eta soziala”, adierazi dute.
Hauek dira, besteak beste, denboraldi berri honetan ikusgai izango diren lanak: AKA, “aurtengo antzerki-fenomenoetako bat”; Conservando Memoria, “El Patio Teatro antzerki-taldearen azken harribitxia”; Xake Produkzioak taldearen Fadoak entzuten zituen gizonak; eta “Anita Maravillas gure txotxongilo-konpainia garrantzitsuenetako baten Kottondarrak”.