‘Emakumeak eta Euskal Pilota’ erakusketa ikusgai Simon Bolivar Museoan

Erakusketa urriaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Ziortza-Bolibarko museoan.

Gaurtik aurrera egongo da ikusgai Emakumeak eta euskal pilota erakusketa Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan eta inauguraziorako propio Emakumea eta euskal pilota: iragana eta orainaldia izeneko hitzaldia eskainiko dute Arantza Pereda erakusketaren komisarioak eta Leire Etxaniz esku pilota Master Cup-aren 2019ko irabazleak, 12:00etan.

Pilota mundu osoan eta modalitate askotan jokatu da, jatorritik hala ere, Euskal Herrian nabarmendu da batez ere. Erakusketaren antolatzaileen arabera, “jatorritik kirol hau gizonekin lotuta egon da, baina, emakumeek ere parte hartu izan dute; erraketa modalitatean espezializatu ziren, eta horretan lortu zituzten lorpenik handienak. Erraketista haiek izan ziren kirol diziplina honen lehenengo profesionalak”.

Erakusketa bera Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan egon zen ikusgai duela zazpi urte, baina bilduma hartan ikusgai zeuden bost ataletako hiru baino ez dituzte eskainiko Simon Bolivar Museoan: Sakea, Tanto kopurua eta Kantxa.

 

 

Sakea: Erraketa jokoak hirurogei urte baino gehiago (1917-1980) iraun zuen Estatu espainiarrean eta Ameriketan. Atlantikoaz bestaldean arrakasta eta zabalkundea lortu zuena Ildefonso Anabitarte (1878-1937) izan zen, zesta-punta jokalari ospetsua eta pilotalekurik garrantzitsuenen enpresaburua XX. mendearen lehenengo erdian. Anabitartek alderdi berriak ekarri zituen jokalekuetan eta erraketa jokoaren tresnetan. Tenis-piloten ordez larruzkoak erabiltzen hasi ziren, esku pilotako ohiko pilotak baino txikiagoak zirenak. Gainera, erraketa sendoagoak hasi ziren erabiltzen, eta emakumeek gona luzeagoak janzten zituzten. 40. hamarkadan, Moscardo jeneralaren aginduz, orkatiletaraino luzatu behar izan zituzten, baina 50. hamarkadan belaunetaraino igo zituzten. “Harrezkeroztik pixkanaka-pixkanaka moztuz joan ziren, jokoa arinagoa eta dinamikoagoa izan zedin”.

Tanto kopurua da erakusketaren bigarren atala, honetan, emakume erraketistak ezagutzeko aukera egongo da. “Pilotalekuetako kudeatzaileek pilotari onenak biltzeak arrakasta itzela eman zion erraketa jokoari”, antolatzaileen ustez. Emakume gazte gehienak euskal pilotan tradiziorik handiena zuten herrietan biltzen ziren; hala ere, euskal pilotalekuetan modalitate hura ez zen asko jokatzen. “Jokalari ugari nabarmendu ziren eta gogora ekarri behar ditugu”: Eugenia Iriondo Eibarresa edo La Bolche, Maria Antonia uzcundu Txikita de Anoeta, Agustina Otaola, Elaida Altuna Irura, Maria Luisa Alberdi, Maria Carmen Lasagabaster Amaia, Gloria Agirre Txikita de Aizarna, Lucia Areitoaurtenea, Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros), Conchita Bustindui, Olga Cazalis, Maria Luisa Senar, Rosa Soroa, Miren Uzkundum Asteasu, Justina Arenaza Vasquita I eta bere ahizpa Maria Vasquita II.

Kantxa gunean berriz, pilotalekuak ezagutzeko aukera egongo da. Jokalekuek 30 metro inguru zituzten, jokoa azkarragoa eta ikusgarriagoa izan zedin. Erraketistentzako lehen pilotalekua Madrilen zabaldu zen, 1917an, Cedaceros kalean. Bertan egon ziren erraketazale gehien; ondoren, Bartzelonan. Euskal Herrian Bilboko Euzkel-Jai eta Donostiako Gros pilotalekuetan bakarrik jokatu zen erraketan. Ameriketan Kubako La Habana-Madrid edota Mexikoko Metropolitanon.

Zabaldu: