(argazkia: Emon taldea)

Emon taldeak itzulera iragarri du

Talde bergararrak itzulera kontzertu berezi bat antolatzea erabaki du. Buelta ospatzeko “energiaz eta kolorez” beteriko kanta berri bat ere grabatu dute, laster egongo da entzungai plataforma digitaletan.

Emon talde bergararrak agertokietara bueltatuko dela iragarri du sare sozialen bidez zabaldu duen mezu batean. Lau urte dira jada taldeak bere azken bi kontzertuak Necochea herrian, Argentinan, eskaini zituela. Horren ostean etenaldi bat egitea erabaki zuten taldekideek. Orain, “ilusio handiz esan dezakegu etenaldi hori amaitu dela eta inoiz baino indar gehiagorekin gatozela”, adierazi dute.

Azken hilabeteetan ideiak lantzen aritu ondoren, taldeak itzulera kontzertu berezi bat antolatzea erabaki du, “laster argitaratuko dugu non eta noiz izango den eta non eskuratu ahal izango dituzuen sarrerak. Momentuz esan dezakegun bakarra: sekulakoa izango da!”, adierazi dute sare sozialen bidez.

Itzulera ospatzeko “energiaz eta kolorez” betetako kanta berri bat ere grabatu dute. Abestia ere laster jarriko dute entzungai plataforma digital guztietan. “Goazen denon artean 2021. urteari hasiera ezin hobea ematera”.

Emon Bergaran sortu zen 2007an. Taldeak reggae, ska eta runba estiloak jorratu izan ditu hasieratik. 2010ean Piztu herria izeneko aurreneko diskoa kaleratu zuten, 2013an heldu zen bigarren lana Konfeti kolore izenpean, 2014an, berriz, Sua izeneko diskoa kaleratu zuten eta 2016an Kilometroak Gipuzkoako Ikastolen aldeko jairako abestia sortu zuten. 2017an iragarritako etenaldia iraun duen bitartean, taldekideetako batzuek Nomadak taldea sortu zuten.

Zabaldu: