‘Narrazioak eta olerkiak 2019’ liburua plazaratu dute

Argitalpen honetan 2019 Resurreccion Maria Azkue sarietan irabazle izandako lanak biltzen dira. 2020ko irailean izan zen sari banaketa.

Joan berri den urteko irailean banatu zituzten Bilbon, gaztetxoei zuzendutako 2019 Resurreccion Maria Azkue literatura lehiaketaren sariak. Guztira 568 lan aurkeztu ziren lehiaketan, inoizko partaidetzarik handiena”. Orain testu irabazleak liburu batean bildu dituzte, Narrazioak eta olerkiak 2019 izenburupean. Lehiaketa Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatzen dute urtero, idazle gazteak literatura mundura hurbiltzeko asmoz.

Ondoko hauek dira liburuan parte hartu duten idazleak: Ekain Errazu, Oihan Olasolo, Nora Aiertza, Oihane Maritxalar, Unai Oruesagasti, Aiora Sebastian, Saioa Gartzia, Amaiur Puente, Jare Sanzo, Iñigo Martínez, Idoia Zabalo, Jon Kortaberria eta Eider Burugain.

Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateekin, eta 1990ra arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten aitortza. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edota Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.

Argitalpen berria Elkar liburu-dendatan eros daiteke, eta baita Euskaltzaindiaren webgunean ere, hemen.

Zabaldu: