Bryce Dessner, David Chalmi, Ben Lanz eta Raphaël Séguinier musikari handiekin ari da diskoa lantzen.
Eñaut Elorrieta musikaria Senperen ari da grabaketa lanetan hilabete hauetan, La Fabrique des Ondes estudioan hain zuzen, naturaz inguratutako Tontoloa etxaldean. Nazioarteko musikari handiekin ari da diskoa lantzen, besteak beste, Bryce Dessner-ekin, The National taldeko gitarra-jole eta konpositorearekin. Dessner bera eta David Chalmin dira –musikari gisa parte-hartzeaz gain– ekoizle-lana egiten ari direnak.
Musikari-talde honen ikuspegi artistikoak Elorrietari aukera eman dio bere ohiko eremuetatik atera eta norabide berriak arakatzeko.
Elorrietak bidelagun dituen musikariak
Bryce Dessner The National taldeko musikaria eta kantu egilea da. Bon Iver, Nick Cave, Bruce Springsteen, Paul Simon eta Philip Glassekin aritu izan da lanean, besteak beste.
David Chalmin, bere aldetik, konpositore, musikari eta soinu-ingeniari frantsesa da. Triple Sun taldeko kidea izateaz gain, Katia eta Marielle Labèque, Thom Yorke, The National, Madonna, Rufus Wainwright, Matt Elliott eta Shannon Wright-ekin lan egin du.
Ben Lanz The National eta Beirut taldeetako musikaria da, Sufjan Stevens-ekin eta Taylor Swift-ekin ere aritu izan da.
Raphaël Séguinier Parisko bateria-jotzailea da. Nouvelle Vague, Emilie Simon, Chocolate Genius, Labèque ahizpak, Cocoon eta Saul Williams-ekin aritu da beharrean, bai estudioan eta baita zuzenean ere.
Elkar diskoetxearen ustez, “disko honek Elorrietaren ibilbidean norabide berri bat marraztuko duelakoan gaude. Beti bezala, kantua bera erdigunean jartzea maite du Eñautek, eta orain arteko lanetan garatutako sentikortasuna mantendu arren, urrats bat haratago doa soinuaren trataeran, moldaketa ausartekin eta espazioari protagonismo handiagoa ematen dioten egiturekin”.
Laster argitaratuko da disko berriaren aurrerapen kanta. Gainera, lan berrian oinarrituriko zuzeneko kontzertuak ere prestatzen ari da artista gernikarra.