Euskal Zinemaren Begiradak Pantailak Euskaraz egitasmoaren lana omendu du.
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 48. edizioko Sail Ofizialeko Lehiaketaren irabazleak eman ditu ezagutzera larunbat honetan. Antolatzaileek adierazi dutenez, “sari bat eramatea ez da batere erraza. Are gutxiago euskal film labur onenak lehiatzen direnean. Deialdi irekian aurkeztu ziren lanetatik soilik hogeik lortu zuten Sail Ofizialeko Lehiaketara heltzea. Hogei lan eta bost sari jokoan”.
Hala, film onenaren saria Eneko Muruzabal Elezcanoren Planetagatik lanarentzat izan da. Epaileek adierazi dutenez, “film borobil eta jostaria” osatzeagatik. “Egun pil-pilean dugun gai bat hartu, krisi ekologikoa, eta ausardiaz eta umorez tratatzeko gaitasuna dauka, mezu errepikatu eta topikoetatik urruti. Azpimarratzekoak dira ere bai bi aktoreen interpretazio lana eta gidoi zehatza”. Hortaz, Muruzabalentzat 48. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.
Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Aitzol Saratxagaren Ehiza filmarentzat izan da. Epaileek azpimarratu dutenez, “ln korala izanik zuzendariak dena lotzeko abilezia erakutsi du. Animazioa eta fikzio ez animatua baita, era original batean ondo uztartuta dago. Elezahar bat kontatzeko erakutsi duen birtuosismoagatik eta istorioak duen erritmo zainduagatik”. Azkenik, istorioan euskararen txertaketa oso ondo landuta dagoela aipatu du epaimahaiak. Saratxagarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Gidoi onenaren saria Ana Ines Landeta eta Lorea Lyonsen Azkena filmak eraman du. Epaileen esanetan, “oso era originalean mahaigaineratzen du amatasunaren gaia, perspektiba pertsonal batetik. Emakumearen identitatean amatasunak utzi ditzakeen aztarnak erakusten ditu abileziaz eta gordintasunez. Amatasunaren aurrean sortzen den zalantza horretan ikuslea sarrarazten du irudiekin, musikarekin eta emozioz jositako off ahotsarekin jolastuz oso modu poetikoan. Ama ez izatearen aukeraketa kontzienteari toki goxoa eta zilegia ematen dion istorioa da”. Landeta eta Lyonentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Benito Ansola saria Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez, “pelikularen kalitatea ona da eta istorioaren misterioa ondo josita dago. Baztandar hizkera natural eta koherentea txertatzen da pelikulan zehar eta irudiaren bitartez ikuslea istoriora murgiltzen du. Ondo zaindutako argazkia eta planoak ditu pelikulak eta hitz gutxirekin asko esaten du”. Sari honen irabazleak 2001. urtetik jaiotakoa izan behar du. Bertizek, beraz, Zilarrezko Antzarra eta 1.000 euroko saria jaso du.
Ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen sariaren irabazlea zein izan den ere ezagutzera eman da. Ikusleek haien botoekin erabaki dute irabazlea Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravoren Eraman zutela izatea, batez beste 5etik 4,58 puntu lortuz. Hortaz, beraientzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.
Azkenik, epaimahaiaren Aipamen Berezia Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravoren Eraman zutela lanarentzat izan da. Saririk jaso ez badute ere epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio pelikulari. Haien hitzetan, “filmean lantzen den gaia izugarria da, isiltasunez inguratuta egon dena. Memoria historikoa modu tekniko, zehatz eta enpiriko batekin kontatua. Trauma historikoei beraien lekua egina. Historia tristea xamurtasunez kontatua”.
Pantailak Euskaraz
Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begiradarekin Pantailak Euskaraz egitasmoa omendu nahi izan da. EZBrak urtero jartzen du bere begirada, euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. Horregatik, ekimenak orain arte egin duen lanaren aitortza gisa, eta etorkizunean lanean jarraitzeko pizgarri modura, aurtengo begirada saria Pantailak Euskaraz egitasmoarentzat izango da.