Mendebaleko Euskara Zaharra X. eta XV. mendeen artean koka daitekeen makroeuskalkia da, eta ikerlan honek makroeuskalki horren ezaugarri bereizgarriak aztertzen ditu, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ibar batzuetako batasun linguistiko zaharraren nondik norakoak argitzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak elkarlanean argitaratutako Mendebaldeko euskara zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia ikerlana aurkeztu dute.
Eneko Zuloaga hizkuntzalariaren ikerlana dialektologia historikoaren esparruari dagokio eta mendebaleko euskara zaharra du aztergai; zehazki, Erdi Aroan Euskal Herriko mendebalean zeuden ezaugarri eta zatiketa dialektal nagusiak aztertzen ditu, Lakarrak (2014 [2011]) Mendebaleko Euskara Zahar deitutako unitate linguistikoaren nondik norakoak. “Lan honek euskalkien jatorria aztertzen du eta, zehatzago, Mendebaleko Euskara Zaharrarena. Gerora arabera, bizkaiera eta gipuzkera deitu diren euskalkien aitzindaria da Mendebaleko Euskara Zaharra, X. eta XV. mendeen artean koka daitekeen makroeuskalkia. Lan honek, bada, makroeuskalki horren ezaugarri bereizgarriak aztertzen ditu: ezaugarriok noiz eta non sortu, eta nondik hedatu ziren du aztergai, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ibar batzuetako batasun linguistiko zaharraren nondik norakoak argitzeko”, gaineratu du irakasle eta ikerlariak.
Zuloaga Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea, 2007) da, Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzan masterra du egina eta Euskal Ikasketetan doktorea ere bada. Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle izan da 2017tik 2020ra bitartean, eta egun Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle atxikia da. Fontes Linguae Vasconum eta Uztaro aldizkarietako erredakzio-batzordeko kide da. Ikergai nagusi ditu dialektologia, filologia eta hizkuntzalaritza historikoa, eta euskal testuen edizioak, dialektologia diakronikoari buruzko lanak eta soziolinguistika historikoari lotutakoak aurkeztu eta argitaratu ditu.