Eragile asko dira gaurko manifestazioarekin bat egin dutenak. Tartean dira, Bilboko Konpartsak, Zenbat Gara elkartea, Bira Kulturgunea edota Euskalgintzaren Kontseilua.
Erdalduntze makina gelditzeko asmoz, Bilboko Guka ekimenak gaur, Euskaren Egunarekin bat eginez, manifestazioa antolatu du arratsaldeko 19:00etan, Plaza Eliptikoan. “Jaieguna izan da orain arte abenduaren 3a. Egun hori borroka egun ere izan dadin nahi dugu: euskaltzaleon plaza askeak eraikitzeko eguna, horretan ari garen guztiok batzeko eguna, erdalduntze makina zapuzten hasteko eguna”, adierazi dute Gukako kideek.
Gukaren arabera, “euskalduntze prozesua geldotze-fase batean, are, atzeraldian sartzeko arriskuan dago; hala diote azterketa soziolinguistiko gehienek eta euskalgintzako eragile nagusien analisiek. Euskaraz bizi nahi baldin badugu, esnatze baten premia agerikoa da. Orain artekoarekin honaino iritsi gara; aurrera egiteko, orain baino gehiago behar da”.
Azaldu dutenez, “hizkuntza batek aurrera egingo badu, hau da, hizkuntza baten hiztunek komunitate gisa existitzen jarraitu nahi badute, eguneroko jarduna eta bizitza-proiektua betetzeko gaitasuna eman behar die hizkuntza horrek. Gaur egun, oro har, Bilboko euskal komunitateak ez dauka bere bizitza euskara hutsean garatzeko aukerarik. Euskaraz bizitzea, kontzientzia piztuta duten norbanako eta kolektiboentzat ere, erronka nekagarri bihurtzen da”.
Bilbon euskaraz bizi nahi izatea “estres sortzaile” dela diote, “ez dago gure hizkuntza eskubideak bermatzen dituen udal ordenantzarik, hezkuntza ez-arautua erdaraz da nagusiki, hiriko ehunka egitasmo imajinaezinak dira euskaraz, euskara ikastea garestia da… Horixe bera adierazi nahi izan genuen erdalduntze makinaren kanpainarekin: makina erraldoi bat martxan da uneoro, ia oharkabean; makina horrek euskalduna erdarara eramaten du etengabe eta erdalduna euskaldundu ezinik mantendu”.
Hala ere, Bilbon hainbat dira erdalduntze makina gelditzeko lanean ari direnak. “Bilbok baditu euskaraz bizitzeko gaitasunari bidea irekitzen dioten hamaika adibide, hamaika proiektu. Egunez egun, ehunka gara erdalduntze makinari oztopoak jartzeko erreminta eskuan daukagun euskararen militanteak”.
“Euskal komunitateak zapaldua ez izateko duen borroka, beste komunitate zapaldu guztien borrokarekin batera ulertu behar dugu. Ezin baita norberaren askapena besteen askapenik gabe ulertu. Horregatik da euskararen aldeko borroka unibertsala, pertsona guztien aldeko eta zapalkuntza guztien kontrako borroka delako. Horregatik, eskubideen aldeko borroka, Euskal Herrian, euskaratik izan behar da”.