Artista frantziarrak ezkutuan egon ohi den hori entzutera gonbidatzen ditu entzuleak: airearen eguneroko murmurioa, haren erresonantziak eta jendea bizi den lekuetan uzten dituen arrastoak.
Eric La Casa soinu-artista frantziarrak AIR.ratio 3 obra aurkeztu du, Tabakalerako Scala proiektuaren barruko hamahirugarren esku-hartzea. Proposamenak soinu-paisaia bihurtzen du Donostiako zentroko eskailera nagusia. Paisaia horretan, airea da protagonista. La Casak ezkutuan egon ohi den hori entzutera gonbidatzen ditu ikusleak: airearen eguneroko murmurioa, haren erresonantziak eta jendea bizi den lekuetan uzten dituen arrastoak.
Obra artistaren Pariseko apartamentuko airearen marmarren eta mugimenduen inguruan egindako ikerketa batean oinarrituta dago. “Esperientzia intimo hori Tabakalerara, gune publiko batera, ekarrita espazioa eta denbora ulertzeko modu berri bat eskaintzen du obrak”, azaldu dute. Airea, fenomeno fisiko gisa ez ezik, “gure bizimodu kolektiboen isla bezala ere agertzen da. Zer arnasten dugu? Zerez eginda dago partekatzen dugun airea?”. Artistaren beraren hitzetan: “Airea garen horretaz eta elkarrekin egiten dugunaz eginda dago. Oroimena da, gorputza da, historia partekatua da”.
Scala programa
2021. urteaz geroztik, Scala programak arkitekturaren, gorputzaren eta entzutearen arteko erlazioak aztertzen dituen soinu-laborategi bihurtzen du Tabakalerako eskailera nagusia. Niño de Elchek, Maialen Lujanbiok, Carlos Casasek edo, berrikiago, Garazi Navasek esperientziarako eta kontenplaziorako gune bihurtu dute igaroleku hori.
AIR.ratio 3 obrarekin, eta soinuaren bitartez, eskailera biziberritu dela diote antolatzaileek. Proposamena eraikina irekita dagoen ordutegi berean egongo da zabalik. “Ez dago bidea egiteko modu bakarra, ezta hautemateko modu bakarra ere. Urrats bakoitza eta arnasaldi bakoitza bisitariaren eta ingurunearen arteko koreografia ikusezinaren parte dira”.