(argazkiak: Errenteriako Jantziaren zentroa)

Errenteriako Jantziaren zentroak Eulalia Abaitua argazkilaria omentzeko asmoz, ‘Baserritarrak’ erakusketa zabaldu du

Erakusketa Kapitain-etxearen sarreran kokatu dute eta bertan hamasei jantzi daude ikusgai, guztiak erreprodukzioak dira.

Errenteriako Jantziaren zentroak Eulalia Abaitua XX. mende hasierako argazkilaria omentzeko asmoz, Baserritarrak izeneko erakusketa paratu du urtarrilaren 7ra arte. Izan ere, argazkilari bilbotarraren lan oparoari esker ezagutzen da xehetasunez baserritarren janzkera.

Erakusketa Kapitain-etxearen sarreran kokatu dute eta bertan hamasei jantzi daude ikusgai, guztiak erreprodukzioak dira. Alde batean, Abaituaren argazkia, eta ondoan irudiko jantziaren erreprodukzioa. Lehen euskal argazkilariaren biografiarekin batera Bizkaian (Bilbon, ezkerraldean eta kostaldean) atera zituen hainbat argazki.

Hain juxtu, argazki horietan ikus daitezkeen baserritarren jantzien erreprodukzioek, guztira hamabost jantzik osatzen dute erakusketa. Hamahiru emakumezko eta bi gizonezko jantzi dira.

Eulalia Abaitua Allende-Salazar

Eulalia Abaitua Allende-Salazar Bilbon jaio zen 1853ko urtarrilaren 25ean  familia burges batean. Hirugarren Gerra Karlistarekin batera, 1871an, familia Liverpoolera (Ingalaterra) joan zen bizitzera. Bertan, argazkigintza, materialak eta teknika ezagutu zituen. Bost urtera Bilbora itzuli zenean, Begoña auzoko bere etxeko sotoan, argazki laborategia instalatu zuen, eta bere inguruko unibertsoa erretratatzen hasi zen.

Abaitua argazkien kalitate teknikoagatik nabarmendu zen. Ia denak kanpoaldean aterata, eta argi naturalarekin. Emakumeak dira protagonista ia guztietan. Bular edo erdiko planoak, amerikarrak eta gorputz osokoak.

Argazkilari bilbotarra, mende aldaketaren lekuko izan zen, eta bere irudiekin, garai bat, baserri giroa, eta  iristen ari zen beste bat, industriala, islatzen jakin zuen. Bilbotarra 1943 urtean hil zen, 90 urte zituela.

Lehen euskal argazkilariaren irudiak Bilboko Euskal Museoan gordetzen dira. 2.500 unitate irudi baino gehiago dira, eta horietatik 1.369 kontsulta daitezke. Abaituaren lana 1990. urtetik aurrera egin zen ezagun, Bilboko Euskal Museoak antolatutako aldi baterako erakusketa eta argitalpenen bidez.

Ordutegia

Erakusketa doan bisitatu ahal izango da urtarrilaren 7ra arte. Ordutegia: larunbatetan 11:00etatik 14;00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igande eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara. Gainera, erakusketak iraun bitartean, Jantziaren Zentroak sare sozialetan Eulalia Abaituaren bizitzaren bitxikeriak eta argazkiak argitaratuko ditu.

Zabaldu: