Gerrari buruzko diziplina anitzeko egitasmoak irabazi du Hi(ZKI)bridoak laguntzaren bigarren deialdia

Hautatutako lanak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du, eta lehenengo emanaldia 2023ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko dute.

Aurten euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren bigarren deialdia abiatu du Bilboko Euskararen Etxeak, eta jasotako proposamenak aztertu ondoren, epaimahaiak deliberatu du Laudioko Piszifaktoria Ideien Laborategiak aurkeztutako diziplina anitzeko Hau gerra bat da egitasmoak jasoko duela 3.000 euroko Hi(ZKI)bridoak laguntza. “Gero eta beharrezkoagoa begitantzen zaigu gerraren terroreaz hitz egitea, gerraren terrorea uxatzeko modu bakarra izan daitekeelako. (…) Kasik barne-bidaia baten modura marraztuko dugu gerra hau”.

Piszifaktoria Ideien Laborategiak aurkeztutako proposamenean jasotzen denez, Hau gerra bat da “murgiltze esperientzia bat da, (…) polifonia erritmiko bat: Lau lengoaia izango ditu puzzle honek: hitza, musika, dantza eta mugimendua edo antzerki fisikoa. Rapsoda bat, antzezle bat, dantzari bat eta musikari bat arduratuko dira guztia josteaz”.

Ikuskizunaren garapenean, gainera, ikus-entzuleek parte-hartze aktiboa izango dute, eta formatu aldetik berritasunak eskainiko ditu. Epaimahaiak, hain justu, bi atal horiek azpimarratu ditu, hala audientziaren parte hartzea nola formatu berritzailea. Horretaz gainera, proposamenaren sendotasuna eta lanketa ere nabarmendu ditu.

Hautatutako lanak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du, eta lehenengo emanaldia 2023ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko dute.

Bost kidek osatu dute beka honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.

Zabaldu: