(argazkia: Hernaniko Udala)

Erresistentziak erdigunera ekartzeko asmoz Hariak zinemaldia antolatu dute Hernanin

Azaroaren 2tik 12ra bitartean izango da jaialdia eta denetara hamar film eta dokumental proiektatuko dira, Kulturarteko Plaza Feminista honetan.

Hariak zinema jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu du Hernaniko Udalak munduan gertatzen diren giza eskubideen urraketen aurrean antolatutako erresistentziak ikusarazteko asmoz. Azaroaren 2tik 12ra bitartean izango da zinemaldia eta denetara hamar film eta dokumental proiektatuko dira, Kulturarteko Plaza Feministan.

Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak azaldu duenez, iazko esperientzia positiboa aintzat hartuta, aurten ere Kulturarteko Plaza Feminista zinema-areto bihurtuko da bi astez. “Ostegunetik igandera, egunero film bat emango dugu eta asteburuetan, saio bikoitza eskainiko dugu: goizez eta arratsaldez”. Arratsaldetako saioak 18:00etan izango dira eta goizekoak, 11:00etan.

Iazko moduan, emanaldi bakoitzaren ondoren filmaren egileekin edota gaian adituekin solasaldiak izango dira, “errealitate bakoitza hobeto ezagutzeko eta hausnarketarako bideak irekitzeko”.

Lekuonak azpimarratu duenez, “kalitate handiko” lanak izango dira aurten ere zinemaldian, “kasu askotan, nazioarteko jaialdietan erakutsi direnak eta sariak jaso dituztenak”. Filmak jatorrizko bertsioan emango dira, azpitituloekin. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Aurtengo edizioan sei film luze eta lau labur proiektatuko dira. Bertako eta Euskal Herritik kanpoko erresistentzia istorioak izango dira: Armenia, Argentina, Kolonbia, Estatu espaniarra, Kenya, Txile…

Hala, Armeniak garrantzia berezia izango du edizio honetan, izan ere, azaroan zehar Kulturarteko Plaza Feministan Araks Sahakyan artista armeniarraren erakusketa ere egongo da ikusgai.

Besteak beste, Tombé, Cuerdas eta Aunque es de noche film laburrak eta Karpeta urdinak, Lasarte-Oria, istorio zumez egina The Letterk eta El caso Freytter dokumentalak ikusteko aukera egongo da.

Zabaldu: