(argazkia: Euskaraldia)

Errigorak eta Euskaltzaleen Topaguneak agerraldi bateratua egin dute Iruñean

Hiru egun barru, azaroaren 18an, hasiko da Euskaraldia, Euskal Herriko milaka lagunek egingo duten ariketa sozial masiboa. Hala ere, oraindik bada izena emateko aukera euskaraldia.eus webgunean.

Iruñako Geltoki espazioan bildu dira Errigorako eta Euskaraldiko kideak, izan ere, Errigoraren kanpaina bukatu berri da eta Euskaraldia hiru egun barru hasiko da. Bi ekimenen inguruan hitz egiteko elkartu dira bertan. Ibai Sueskun Errigorako kidearen hitzetan, Nafarroa erdi eta hegoaldeko dozenaka nekazarik bildutako uztatik 24 ekoizlek saskietako produktuak jarri dituzte; Errigoraren ehunka boluntariok mezulari eta eskaera biltzaile lanak egin dituzte; AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartea antolaketaren parte izan dira; hainbat eragile eta erakundek bere egin dute kanpainarekin eta milaka kontsumitzailek egin du eskaera. Urrian, Ablitas eta Tuteratik Euskal Herriak bat egiteko luzatutako deiak erantzun bikaina izan du beste behin. Euskarari, elikadura burujabetzari eta auzolanari bultzaka darrai Errigorak, txikitik handira, modu praktikoan.

Gainera asteotan, Nafarroa bat egiteko nahia bera plazan izan da. Eztabaida gaiztoez harago, euskarak lurraldean mugarik ez izateko eta nafar guztiek eskubide berdinak izateko aldarria hedatu da.

200.000 euro gehiago izango dira Lodosa, Tutera eta Bianako ikastoletan, Ager osoko AEK-ren euskaltegietan bekak banatzeko, eskoletan D ereduko lerroak bultzatzeko eta Agerraldia egitasmoaren baitan urte guztirako agenda zabala osatzeko.

Sueskunek azpimarra jarri nahi izan du azaroaren 5ean Azkoienen izan ziren Agerreko euskaltzaleen Topaketetan. “Hunkigarria izan zen nola bat egin zuten euskaltzaleek, elkar ezagutu eta elkarrekin euskararentzako erronka zahar-berriak partekatzeko. Karkar, Zarrakastelu, Tutera, Mendabia, Biana,  Lizarra, Kaseda, Zangoza, Oteiza, Tafalla, Kaparroso,… Ager zonaldeko herri eta eskualdeen ordezkaritza zabala batera eta ilusioz aritzea itzela izan zen”. Bere hitzetan, mugimendua saretzen ari da, Agerraldia; euskarari hauspo berria eman nahi dion mugimendua.

Datozen asteotan eskuz esku iritsiko dira milaka etxetara saskiak eta auzolan honek Euskaraldiarekin  bete-betean bat egingo duela esanez bukatu du Sueskunek.

Euskaraldia hasteko lau egun

Euskaraldia hasteko, berriz, lau egun baino ez dira gelditzen; eta Saioa Goñi Euskaltzaleen Topaguneko kidearen esanetan, “ehunka herri, elkarte, entitate eta boluntario batu dira ariketa soziala aurrera ateratzeko antolaketan. “Mugimendu handia sumatzen da, eta urteek ematen duten esperientzia ere nabari da ariketa azaltzeko eta ulertzeko sakontasunean”.

Euskaraldian parte hartuko dutenek ariketa egingo dutela berresteko garaia da orain. Milaka belarriprest eta ahobizik baieztatu dute jada ariketa sozialera batuko direla, baina oraindik egin ez duenak izenematea.euskaraldia.eus webgunean egin dezake.

Zabaldu: