(argazkia: Euskaltzaindia)

‘Hitzal lege’ erakusketa paratu dute Nafarroako parlamentuan

2023ko urtarrilaren 15era arte ikusgai izango da bertan, eta garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak erakutsiko ditu, arlo pribatukoak zein publikokoak.

Hitzak Lege izeneko erakusketa ibiltariak ateak ireki ditu Nafarroako Parlamentuan. 2023ko urtarrilaren 15era arte bisitatu ahal izango da, Eusko Legebiltzarrean azken bost hilabeteak eman eta gero.

Euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaleraztea da erakusketaren helburu nagusia. Euskararen lurraldeetan euskara eremu juridikoetan erabili izan denaren adibide dira erakusketa honetan barnebildutako dokumentuak. Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileetan (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak), Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Berrian gordetzen diren euskarazko testu juridiko adierazgarrienak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan lurraldez lurralde erakustea da erakusketa honen helburua. Ibiltariak diren edukiez gain, Nafarroan bertan ekoitzitako beste 25 bat idatzizko dokumentu erakutsiko dira, bai eta Foru Parlamentari zein Nafarroako lehendakarien audioak ere. Hona hemen arasetan ikusgai izanen diren adibide batzuk: Leireko kartularioa (1059), non Aiesako toponimoak ageri diren latinezko testu batean; Aralarko pergaminoa (1167); Nafarroako Foru Orokorra (1240); Murillo el Frutoko petxak (1400), non toponimoak euskaraz ageri diren; Pirinioetako larren gaineko negoziazioak (1616); Berako olagizonak, Juan Bautista Iturriak, Juantxo Bereauri prozesu judizialean igorritako gutunak (1674 eta 1676); eta euskararen aldeko saila sortzeko erabakia (Foru Diputazioaren erabakia, 1956-11-28). Horretaz gain, 25 panel fisiko jarriko dira dokumentuen informazioarekin, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak, eta testu parajuridikoak.

Euskaltzaindiak Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin elkarlanean ondutako erakusketa da hau, Euskaltzaindiaren Oinarrizko Hiztegi Juridiko-parlamentarioa ere elkarlanean sortu baitzuten. 2017an aurkeztu zen jendaurrean eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke (www.euskaltzaindia.eus), Hizkuntza Baliabideak atalean -Hiztegi digitalizatuak azpiatalean-.

Erakusketa honetako testu bitxi batzuk: 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan; Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute; 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak); 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago; 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri horretan, Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean; eta 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbon kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen; 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten; 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen; 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina; 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948; eta Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.

Erakusketa honako ordutegian bisitatu ahalko da: astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan, 9:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 11:30etatik 14:00ak arte.

Zabaldu: