Eskaintza anitza izango dute ikastetxeek Durangoko Azokaren Ikasle Goizean, modu birtualean

Abenduaren 4an hainbat tailer online eskainiko dira ikasleentzat: bikoizketa, blender, yogipuinak, ilustrazioa, liburu bat sortzeko prozesua…

Urtero bezala, Ikasle Goizak emango dio hasiera Durangoko Azokako egitarauari, abenduaren 4ean. Modu birtualean bada ere, www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez, Euskal Herriko ikasleek eskaintza anitza izango dute aurten ere. Azokako antolakuntzak diziplina ezberdinez osatutako egitaraua antolatu du ikasleentzat, euren ikastetxeetatik gozatzeko aukera izan dezaten. Tailerretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, egunean bertan edo aurreko egunetan webgunera sartzearekin nahikoa izango da. Maila ezberdinetako ikasleentzat egongo da eskaintza, 5 eta 16 urte bitartekoentzat, hain zuzen ere.

Txikienek, esaterako, Yogipuinak izeneko saioa izango dute eskura, Maite Arrese, Sara Arizmendi eta Oihan Arizmendiren eskutik. Bertan, yoga zer den ikasi, gorputza landu eta “burua eta bihotza lasaituko” dute. Ikus-entzunezko saio honetan hainbat ariketa egingo dira: arnasketak, pentsaera baikorra, asanak, erlaxazioa, amaierako ipuina… Saioa Maite Arresek gidatuko du, eta egokia izango da 5 eta 8 urte artean dituzten umeentzat. Gela huts bat izatea nahikoa izango da saioa jarraitzeko.

8 eta 12 urte artean dituzten umeek, berriz, Marrazkiekin jolasean tailerrarekin gozatu ahal izango dute, Ainara Azpiazuren eskutik. Honetan, ariketa ezberdinak landuko dituzte: geometria landuz animaliak marraztea, hitzak nahastuz istorio bat osatzea, mantxekin irudiak asmatzea… Saioa jarraitzeko beharrezkoa izango dira paperak, arkatzak, borragomak, koloreetako margoak eta jolasteko gogoa izatea.

Aurreko urteetan bezala, baina oraingoan modu birtualean, Euskal Editoreen Elkarteak Liburu bat egingo dut jarduera antolatu du, 12 eta 13 urte dituztenentzat. Ana Urrestarazu (EEE) eta Karmen Elvira (Pamiela) izango dira gidariak, eta modu dibertigarrian ikasleek ezagutuko dute zein den liburu bat sortzeko prozesua.

Bikoizketa tailerra ere izango da 13 eta 14 urteko ikasleentzat. Mixer taldeko Yeray Varelak azalduko du zeintzuk diren kontuan hartu beharrekoak bikoizketa lanak egiterako orduan, eta hainbat adibide praktiko egingo ditu, telebistan agertzen diren saioekin.

DBHko ikasleek oso tailer berezia izango dute eskura. Janire Iparragirre garatzaile gazteak Blender aplikazioaren sekretuak kontatuko ditu: bideo sorkuntza, 3D diseinuak, arkitektura… Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Blender aplikazioa deskargatuta izatea.

Tailerrez gain, Ikasle Goizak ere beste ekimen berezi bat izango du. Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezberdinekin elkarrizketa-saioa gidatuko dute. Tartea www.durangokoazoka.eus webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean, eta bertan parte hartuko dute Liher musika talde donostiarrak, Kai Nakai abeslariak (iaz Azokako sormen beka irabazi zuen sortzailea), Erika Elizari idazle hernariarrak eta Aitor Arana idazle eta hizkuntzalariak.

Ikasle Goizean parte hartzen duten guztiek euren sorkuntzak sarera igotzeko aukera izango dute, #IkasleGoizaDA traola erabilita, eta Durangoko Azokak euren sormen-lanak zabalduko ditu.

Zabaldu: