Hilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Zelaieta zentroan. 40 artelan baino gehiagok eta azalpen panelek osatzen dute erakusketa, eta Gazako biztanleen egoera eta sufrimendua islatuz, sorkuntza artistikoaren bidez salaketa egitea eta kontzientzia piztea du helburu.
Palestinako herriak, eta bereziki Gazako Zerrendako biztanleek, bizi duten egoera larriak nazioarteko elkartasun adierazpen ugari eragin ditu azken urteotan. Gazatik iristen diren irudi latzen aurrean, gizarteak askotariko ekimenen bidez erakutsi du bere babesa, eta hainbat sortzailek artearen bidez erantzutea beharrezkotzat jo dute. Sentsibilizatutako artistek, sorkuntza artistikoa adierazpide hartuta, Gazan eta munduko beste hainbat lekutan gertatzen ari diren injustiziak salatzeko konpromisoa hartu dute, giza eskubideen urraketak agerian utziz.
Hala, Eskuhaldunak Eskultoreen Elkarteak Gazako garrasia izeneko eskultura erakusketa antolatu du, Gazako herritarren sufrimendua eta bizi duten egoera latza ikusarazteko asmoz. Elkarteak artea tresna bihurtzen du salaketarako eta kontzientzia pizteko, eta bertako artistek argi adierazi nahi izan dute Gazan bizi den egoera larria ezin dela normalizatu, ezta isilarazi ere.
Gazako egoera ikuspegi artistiko eta kritiko batetik
Gazako garrasia 40 artelan baino gehiagok eta azalpen panelek osatzen dute, eta Gazako egoera ikuspegi artistiko eta kritiko batetik ezagutzeko aukera eskaintzen du. Antolatzaileen esanetan, “artelanek, sorkuntza artistikoaren bitartez, Gazako herritarren bizi duten sufrimendua eta errealitatea hurbiletik erakusten dituzte, bisitariek testuingurua eta mezua modu osatuan ulertzeko aukera izan dezaten. Parte hartzen duten artistek, tartean Rouhaifa Kassem artista gazatarra, gaur egun Bilbon bizi den errefuxiatua, beren lanen bidez Palestinako herriak jasaten duen injustizia salatu eta ikusgarri egin nahi dute, eta Gazako biztanleen ahotsa zabaltzea dute helburu nagusi”.
Erakusketa hilaren 27ra egongo da ikusgai, eta bisitariek Gazako errealitateaz gogoeta egiteko aukera izango dute, bai ikuspegi artistikotik, bai giza eskubideen ikuspegitik.