Esne Beltza taldeak Los Angeles eta Euskal Herria artean ekoitzitako lana kaleratuko du urte amaieran

Diskoan herrialde ezberdinetako doinuak uztartuko dituztela eta hainbat nazioarteko artisten parte-hartzea izango dutela nabarmendu dute. Lan berriaren aurkezpen kontzertua apirilaren 1ean izango da; BECen egingo den ZEID FEST jaialdian.

Esne Beltza zortzigarren diskoaren grabaketa lanetan murgilduta dago. Taldeak urrats bat haratago eman nahi izan du bere ibilbidean eta sorkuntza berri honetan hartu dituen erronkak ez dira nolanahikoak. Disko berria Los Angeles eta Euskal Herria artean grabatzen ari dira taldekideak eta horretarako, hainbat Grammy irabazi dituen Rafa Sardina musika ekoizle bermeotarrararekin ari dira lanean.

Joan berri den 2022. urteko apirilean hasi zen taldea kantuei forma ematen Los Angeleseko After Hours estudioan, Sardinaren gidaritzapean, eta abenduan, berriz, Donostiako Elkar Estudioan jarraitu zuten lanean.

Disko berrian herrialde ezberdinetako doinuak uztartuko dituztela eta hainbat nazioarteko artisten parte-hartzea izango dutela nabarmendu dute. Artista horien izenak baina, oraindik sekretupean mantentzea erabaki du taldeak.

Zuzeneko emanaldiei dagokienez, Mark Dasousak hartu du prestaketaren ardura, eta diseinuak eta ikus-entzunezkoek Galder Izagirreren zigilua eramango dute.Otsailean, Los Angelesera itzuliko dira diskoari azken ukituak ematera. Lan berriaren aurkezpen kontzertua, berriz, apirilaren 1ean izango da; BECen ospatuko den ZEID FEST jaialdian.

Zabaldu: