(argazkia: Zinegoak)

Estela Osorio bilbotarrarena da aurtengo Zinegoak jaialdiko kartela

Jaialdia ekainaren 26tik uztailaren 3ra egingo da Bilbon.

Zinegoak hasteko hilabete eskas falta denean, antolatzaileek jaialdiaren kartel ofiziala aurkeztu dute gaur Bilbon. Azaldu dutenez, “irudiarekin sentitzera, ukitzera eta jolastera gonbidatzen gaituzte, identitatea, generoa eta sexualitatea deskubritzeko leku gisa ulertuz, eta ehundura, forma eta ibilbide ugari iradokitzen dizkigu, Zinegoak 2023 programaren bidez erakusten diren bizipenak bezainbeste”.

Estela Osorio diseinatzaile grafikoak sortu du kartela. Bilbotarrak 20 urte baino gehiagoko esperientzia du diseinuaren eta publizitatearen munduan. Gainera, Osorio jaialdian parte hartu izan du, eta duela ia hamarkada bat El pastel lanarekin film labur onenaren publikoaren saria irabazi zuen. “Ez dugu irudian agertzen den materiala zehaztu nahi izan, sentsazio ezberdinak sortu nahi genituelako. Baina, aldi berean, Zinegoaken 20. urteurrenari keinu bat egitea ere bilatu dugu, ehundura krematsu eta arrosa erabiliz, ospakizunaren ideiarekin ere lotuko gaituena”, azaldu du egileak.

Premisa horren arabera, Zinegoakek bere ohiko formatu eta jarduerei eutsiko die aurten ere, bere 20. urteurreneko efemerideari keinuren bat eginez, baina foku nagusia hori izan gabe.

Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoak adierazi duenez, “garrantzitsua da data horiek ospatzea eta lortutako lorpenak aitortzea, baina are garrantzitsuagoa da lanean jarraitzea eduki barietaterik onena eskaintzeko eta kulturaren bidez sexu-, identitate- eta genero-aniztasunari buruz eztabaidatzeko, salatzeko eta hausnartzeko foroa izaten jarraitzeko”.

Aurtengo berrikuntzak apurka-apurka iragarriko dituela nabarmendu du antolakuntzak. Data aldaketarekin batera, jaialdiaren izena ere aldatu egin da, sotila baina beharrezkoa izan arren. Aldaketa hori gaylesbitrans gisa definitzetik LGTBIQ+ siglekin egitera igaro da. “Gure ustez, garrantzitsua da ahalik eta identitate, errealitate eta aukera gehien ikusaraztea, ikusgarritasun hori guztia aldarrikatzen joan gara, eta naturala da hori jaialdiaren izenean islatzea”, dio Arenzanak.

Aldaketa txikiz betetako edizioa izango dela azpimarratu dute, “ez da zerbait berria, izan ere jaialdia urtez urte bere garaian garaikoari egokitzen joan da naturaltasunez”.

Zabaldu: