Marilar Alexandreren ‘Emakume gaiztoak’ eleberria euskaratu du Patxi Zubizarretak

Siscak hamabost urte ditu, eta Coruñako Galera espetxean preso dago, emakume ororen antzera bera ere ez da bere gorputzaren jabe. XIX. mendearen amaieratik dator eleberri honen orrialdeetan haren ahots sarkorra eta hunkigarria.

Patxi Zubizarreta itzultzaileak Marilar Alexandreren Emakume gaiztoak izeneko eleberria ekarri du euskarara Alberdania argitaletxearen eskutik.  Zubizarretaren arabera, “oroimen ariketa da Alexandreren nobela hunkigarri eta asaldagarri hau, emakume zaurgarri, emakume zauritu, emakume kartzelaratu eta konprometituei buruzkoa. Orrialdeetan aurrera, Marina Tsvietáievaren esana ekar dezake gogora: Denak hil ziren eta nik kontatu beharra daukat. Baina oroimen usaintsua da Marilarrena, udaberriaren lurrina dakar, eta utopiaren kolore gorrizta”.

Siscak hamabost urte ditu, eta Coruñako Galera espetxean preso dago, emakume ororen antzera bera ere ez baita bere gorputzaren jabe. XIX. mendearen amaieratik datorkigu eleberri honen orrialdeetan haren ahots sarkorra eta hunkigarria.

Siscaren ahotsari, beste emakume batzuenak ere gehituko zaizkio nobelan. Emakume horiek pertsonen duintasunaren aldeko lanetan aitzindariak izan ziren: Concepcion Arenal, presondegietan bisitari moduan lan egiten zuena, eta Juana de Vega, eta guztiz argigarriak gertatzen diren “emakume gaiztoen koro mutua” gertutik ezagutuz historia ulertzeko.

Ahanzturaren aurkako eleberria ere bada Emakume gaiztoak. Sisca preso dagoen espetxean eta beste hainbatetan zokoratuek, gizarteak bere baitatik baztertu zituen emakumeek ahanzturaren zigor erantsia jasan ez dezaten. Era berean, liburuek eta irakurtzeak berak pertsonen bizitza hobetzeko duten ahalmenari ere gorazarre egiten dio nobelak.

 

Zabaldu: