(argazkia: Iratxe Etxeandia)

Esti Markez abeslariak ‘Hitzekin jolasean’ bakarkako lehen diskoa kaleratu du

Pop-rock musika eta kantariaren estilo pertsonala uztartzen dira lehen lan honetan. Aurkezpen kontzertua azaroaren 19an izango da bere jaioterrian, Aian.

Hitzekin jolasean du izena Esti Markez abeslariak aurkeztu berri duen diskoa. Lan honekin Aiako abeslari gazteak bere bakarkako ibilbideari ekin dio, 2020ko udazkenean Mikel Markez aitarekin batera Azal berritzen izeneko lana kaleratu ondoren.

Disko berrian askotariko estiloak entzun daitezke, baina pop-rocka eta kantariaren estilo propioa uztartzen dira batez ere. Abeslariak berak azaldu duenez, “disko honekin barruko korapiloak askatzea lortu dut, sentitzen dudan guztia hitzez azalduz. Abestiak dira nire sendagaia. Haiekin lotuta eta, aldi berean, aske sentitzen naiz. Sentsazio horiek guztiak eta musikarekiko dudan maitasuna islatu ditut bakarka gidatzen hastera noan proiektu honetan”.

Etapa berri honetan, gainera, ibilbide profesional luzea duten musikariez inguratu da Markez, hala nola Iker Lauroba (gitarra) eta Josu Erviti (bateria), baina baita ere Danae Riaño (baxua) bezalako artisten freskotasuna izan du lagun. Esperientzia, profesionaltasuna eta gaztetasuna batzen dituen formazio musikala da beraz, eta diskoan zein zuzenekoetan, hain bereizgarria den euren estilo berria izango da protagonista nagusia.

Bere taldeaz gain, Eñaut Elorrietak (Ametsez ezin da bizi) eta Mikel Markezek (Notak airean) ahotsekin, Garazi Esnaolak pianoarekin (Bi begirada) eta Arkaitz Minerrek biola eta biolinarekin (Notak airean) parte hartu dute.

Gainera, Alaia Martin eta Jon Martin bertsolariak izan ditu letragile hiru abestitan. Alaiarenak dira Onena eta Bi Begirada, Jonena berriz Notak airean.

Disko berriaren irudiari dagokionez, Markez bi artista bisualez inguratu da, eta askotan errepikatu duen moduan, beraiekin oso eroso sentitu da elkarlanean.

Iratxe Etxeandiak egin ditu, besteak beste, album berriaren diseinuaren argazkiak, eta Aiora Ponce, albumaren aurrerapena suposatu duten bi singleen bideoklipen zuzendaria izan da: Hitzekin jolasean eta Banan bana.

Hitzekin Jolasean diskoa dagoeneko eskuragarri dago plataforma digital guztietan eta denda nagusietan.

Diskoaren aurkezpen bira

Aiakoak bere jaioterria aukeratu du diskoaren aurkezpen birari hasiera emateko. Lehen kontzertua azaroaren 19an izango da, 22:30ean, Probalekuan.

Zabaldu: