Etxarri-Aranatzeko Andra Mari Ikastolak ‘Artea Oinez’ erakusketa artistikoa paratu du Iruñeko Kondestablen

Ikusgai dauden obren gehiengoa abstraktua da. Erakusketan eskulturak, pinturak, marrazkiak, collageak, instalazioak, argazkiak, grabatuak, bideoak eta inprimaketa digitalak ikus daitezke, besteak beste.

Nafarroa Oinez jaiaren edizio berriari begira, Etxarri-Aranatzeko Andra Mari Ikastolak Artea oinez izeneko erakusketa artistiko berria antolatu du, eta Iruñeko Kondestable Jauregian egongo da ikusgai maiatzaren 7ra arte. Aurtengoan, gizakiok naturarekin dugun harremana da 83 artistaren hausnarketaren ardatza. Egileek, beren obren, sormen eta instalazioen bitartez, ikusarazi nahi dute ingurunearen gehiegizko erabilera bihozgabe eta arduragabeak ustekabeko eraginak dituela naturan eta hori gizakientzako suizida dela.

Edizio honetan, halaber, Asuncion Goikoetxeari (Bakaiku, 1962) omenaldia egin diote, arteari eta kultura garaikideari, euskarari eta ikastolekin beti izan duen lankidetza eskuzabalari egindako ekarpenagatik.

Erakusketan hainbat lengoaia eta teknika biltzen dira, eta azpimarragarria da osagarri esperimentala, ikusleak egungo artean eta bere proposamenetan murgiltzera gonbidatzen dituena.

Artista guztiak Euskal Herrikoak dira, eta Nafarroa Oinez jaia laguntzeko asmoarekin utzitako obren artean, pinturak, marrazkiak, collageak, instalazioak, argazkiak, grabatuak, bideoak eta inprimaketa digitalak aurki daitezke. Artisten artean bere obra ezagutzera ematen duten emakume artisten ehunekoa handituz doala ere nabarmendu du antolakuntzak, aurten 32 emakume dira.

Ikastolen Elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatutako erakusketa Kale Nagusiko 2. zenbakiko eraikineko lehen solairuko bi aretotan bisitatu daiteke, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Zabaldu: