Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak ‘Artea Oinez’ erakusketa artistikoa irekiko du Lakuntzan

maiatzaren 26tik aurrera ikusgai egongo diren obren gehiengoa abstraktua da. Erakusketan eskulturak, pinturak, marrazkiak, collageak, instalazioak, argazkiak, grabatuak, bideoak eta inprimaketa digitalak ikus daitezke, besteak beste.

Nafarroa Oinez jaiaren edizio berriari begira, Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak Artea oinez izeneko erakusketa artistikoa antolatu du, eta Iruñeko Kondestable Jauregian ikusgai egon ostean, Lakuntzako Kultur Etxera egin du jauzia, bertan ekainaren 4ra arte bisitatu ahal izango da. Aurtengoan, gizakiok naturarekin dugun harremana da 83 artistaren hausnarketaren ardatza. Egileek, beren obren, sormen eta instalazioen bitartez, ikusarazi nahi dute ingurunearen gehiegizko erabilera bihozgabe eta arduragabeak ustekabeko eraginak dituela naturan eta hori gizakientzako suizida dela.

Edizio honetan, halaber, Asuncion Goikoetxeari (Bakaiku, 1962) omenaldia egin diote, arteari eta kultura garaikideari, euskarari eta ikastolekin beti izan duen lankidetza eskuzabalari egindako ekarpenagatik.

Erakusketan hainbat lengoaia eta teknika biltzen dira, eta azpimarragarria da osagarri esperimentala, ikusleak egungo artean eta bere proposamenetan murgiltzera gonbidatzen dituena.

Artista guztiak Euskal Herrikoak dira, eta Nafarroa Oinez jaia laguntzeko asmoarekin utzitako obren artean, pinturak, marrazkiak, collageak, instalazioak, argazkiak, grabatuak, bideoak eta inprimaketa digitalak aurki daitezke. Artisten artean bere obra ezagutzera ematen duten emakume artisten ehunekoa handituz doala ere nabarmendu du antolakuntzak, aurten 32 emakume dira.

Erakusketak maiatzaren 26an irekiko ditu ateak eta ekainaren 4ra arte bisitatu ahal izango da Lakuntzako kultur etxean, astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. Ekainaren 3an erakusketa itxita egongo da.

Zabaldu: