‘Kanterri’ ikastaroa antolatu dute aurten ere uztailaren 10ean eta 11n, Oiartzunen

Ikastaroak esparru askotako eragileen elkarlana piztuarazi nahi du euskarazko kantagintzaren dimentsio artistiko, kultural, sozial, linguistiko eta historikoa balioan jartzeko. Parte hartu nahi duenak ekainaren 18ra arte izango du aukera izena emateko.

Euskal kantagintzari buruz Kanterri, euskaraz kantatzen duen herria izeneko ikastaroa antolatu dute bigarren urtez jarraian Oiartzungo Udalak, Kantagiltza elkarteak eta Ahotseneak elkarlanean. Musikari, letragile, hezitzaile eta kulturzaleei zuzendutako ekimen hau uztailaren 10ean eta 11n egingo da Oiartzunen .

Ikastaro honek euskarazko kantagintza aztertu, ikertu, hausnartu eta sustatzea du helburu: “euskarazko kantagintzaren ekarpen historikoaz hausnartzea, letrak euskaraz sortzen trebatzen laguntzea, euskarazko kantagintzaren transmisiorako baliabideak ematea eta euskaraz kantatzeko grina transmititzeko bideetan sakontzea”, azaldu dute antolatzaileek.

Irakasle lanetan, “punta-puntako musikari eta idazleak” ariko direla ere nabarmendu du antolakuntzak: Ana Arsuaga ( Verde Prato ), Jokin Azpiazu, Jon Urzelai, Joseba Sarrionandia, Maite Larburu eta Marie Hirigoyen.

Denetara sei hitzaldik osatuko dute ikastaroa, Udalbatza Aretoan eta Arizmendieneko lorategian.

Ekainaren 18ra arte egongo da izena emateko aukera

Kanterri ikastaroko izen-ematea dagoeneko irekita dago, ekainaren 18ra arte. Ikastaroaren prezioa 40 eurokoa da, soldatagabeentzako, berriz, 35 erurokoa eta egun bakarrean parte hartu nahi duenarentzako prezioa 25 eurokoa izango da.

Kanterri ikastaroari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, kantagiltza@gmail.com helbidera idatz daiteke. Izena eman nahi duenak, hemen du aukera.

Zabaldu: