(argazkia: Nafarroa Oinez)

Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak Nafarroa Oinez hamaika modutara bizitzeko egitaraua prestatu du iganderako

Ibilbideak ia hiru kilometroko luzera eta hiru gune izango ditu, hirurak Etxarri Aranatzen kokatuta. “Jarduera, paisaia eta eguraldiarekin gozatzeko aukera emateaz gain, euskararen aldeko aldarrikapenak egiteko beta eskainiko du festak.

Etxarri Aranazko Ikastolak aurtengo Nafarroa Oinez festaren egitaraua ilusio handiz osatu duela adierazi du. “Denontzat gozagarri izango diren jarduera andana prestatu dugu; adin guztietako jendearentzat espazio eta jarduerak biltzen dituen programa zabala eskaini nahi izan dugu, Nafarroa Oinez bizitzeko milaka modu daudela ondo baitakigu”, nabarmendu du Maider Ansa Jarduera Batzordeko arduradunak.

Egun handia igandea, urriak 8, bada ere, jarduerak larunbatean hasiko dira, asteburu eder bat pasatzeko aukera emanez.

Txikientzako programazioa bereziki zaindu dutela nabarmendu dute. Jolas-gune ugari izango dituzte: puzgarriak, jolas libre eta sinbolikorako guneak, aurpegi-margoketarako espazioa, bizikleta zirkuitua… Ibilbide osoan zehar, erraldoiak, ipuin kontalariak eta pailazoak izango dira. Gainera, Utzubar Txiki gunean, Haurren hiria eratuko da: birziklatutako osagaiekin egindako txoko honetan, haurrek, libreki, material ezberdinekin esperimentatzeko aukera izango dute.

Hiru gune

Ibilbidea Etxarri Aranatzen kokatuta dago, ia hiru kilometroko luzera du eta hiru gunetan banatuta egongo da: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta.

Hiru guneetan, aukera biziki interesgarriak prestatu ditu Andra Mari Ikastolak adin nagusiko jendearentzat. Besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes. Gainera, aurtengo Oinezen abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusi eta entzuteko parada izango da.

Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, Nafarroa Oinezera datozen gazte guztiek Erronka jarraitu ahal izango dute. Erronka, euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz, Nafarroako hamaika ikastolatako ehundik gora ikaslerentzat prestatutako jolas erraldoia da. Erronkalariek, gunez-gune, hainbat kirol ekintza, oztopo, trebetasun-proba… gainditu beharko dituzte. Aparteko probak diseinatu dira: Maiatza, ur ekintzak ibaian, jolas kooperatiboak…

Aipatutako jarduerez gain, festaren ardatzetako bat ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa izango da. “2009ko Nafarroa Oinezen sortu genuen lehen Oinez Basoa, Arbizun, eta erabat osasuntsu jarraitzen du”, adierazi du Iñigo Orella Andra Mari Ikastolako zuzendariak. Aurten, Andra Mari Ikastolak eta Arbizuko Udalak hitzarmena sinatu dute Oinez Basoa indartzeko.

Aurtengo edizioan proposamen berri bat diseinatu da, plastikoaren kontsumoa gutxitzeko asmoarekin. Txosnetako barran ura erosteko aukera egongo den arren, ibilbidean eta gune guztietan iturriak jarriko dira. Festa iraunkor bat izan dadin, Ikastolak dei egin du norberak bere edalontzia eramateko. Hala ere, norbaitek edalontzia guneetako batean erosi beharko balu, jakin beza bildutako dirua Oinez Basorako baliatuko dela.

Euskararen erabilera sustatu eta ofizialtasuna aldarrikatu

Nafarroa Oinezen festa gozatzeko eguna izateaz gain, aldarrikapenak zabaltzeko eguna izango dela gogoratu du Orellak. “Euskarari bultzada emateko eguna izango da, baita oinarrizko aldarrikapen bati oihartzuna emateko: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan zabaldu behar da, euskaldun guztien hizkuntz-eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen”.

Bestalde, “ikastolen izaera publikoa aldarrikatzearekin batera, gure kalitatezko hezkuntza-proiektu eraldatzailea plazaratu nahi dugu Oinez festan ere, aniztasunari eta inklusibitateari garrantzi berezia emanez”, gehitu du zuzendariak. “Izan ere, gure helburu nagusietako bat ikasle mota guztiei heziketarik hoberena eskaintzea da, behar mota guztiei erantzunez. Horregatik, igandeko festan eginkizun hori betetzeko dugun baliabide falta agerian utzi nahi dugu”.

Zabaldu: