Etxeparek ‘BASQUE. Creativity & Culture’ abiarazi du, euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa indartzeko argitalpena

Nazioarteko publikoari zuzenduta dagoen aldizkari hau azoka profesionaletan, sare akademikoetan, atzerriko ordezkaritzetan, euskal diasporan eta Institutuak Euskal Herritik kanpo bultzatzen dituen nazioarteko ekimenetan zabalduko da.

Etxepare Euskal Institutuak BASQUE. Creativity & Culture plazaratu du, nazioartean euskal kulturaren kontakizun garaikidea eraikitzeko tresna gisa. Urteroko argitalpena izateko bokazioa du, eta Institutuaren misioaren baitan sortu da: euskara, euskal kultura eta sorkuntza munduan zabaltzea. Nazioarteko testuinguru kultural, artistiko eta akademikoetan euskal kulturaren presentzia eta aitortza indartzeko Etxeparek sustatzen dituen beste ekimenei batzen zaie hau.

Argitalpen berri honen bidez, Etxeparek beste urrats bat eman nahi izan du kultura EAEren nazioarteko proiekziorako aktibo estrategiko gisa sendotzeko. Azaldu dutenez, “aldizkaria elebiduna da (euskara-ingelesa), eta nortasun propioa eta munduarekin elkarrizketan aritzeko borondatea uztartzen ditu”.

Bertsio digitalean Institutuaren webgunean eta basqueculture.eus plataforman egongo da eskuragarri. Horrez gain, paperezko tirada mugatu bat ere izango du, nazioarteko azoka profesionaletan, euskal ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateetan, EAEren atzerriko ordezkaritzetan, euskal diasporan eta Institutuak bultzatutako nazioarteko ekimenetan zabaltzeko.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren hitzetan, “kultura nazioarteko proiekziorako dugun tresna nagusietako bat da. BASQUE. Creativity & Culture-rekin gure sorkuntza garaikidearen bizitasuna eta aniztasuna erakutsiko duen leiho bat ireki nahi dugu, eta, aldi berean, gure kokapena indartu mundu mailako kultur- elkarrizketetan”.

Sorkuntza garaikidea du ardatz

Lehen zenbakiak euskal kulturaren aniztasuna eta bizitasuna islatzen dituzten elkarrizketak eta profilak biltzen ditu. Ale honek tradizioaren eta berrikuntzaren arteko elkarrizketa aztertzen du Zetak fenomenoaren bidez; belaunaldi berriak ordezkatzen dituzten hainbat artista plastiko aurkezten ditu; Gala Knörr artistarekin elkarrizketa jasotzen du diaspora eta identitateari buruz; eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako euskal ikasketen sareari buruzko erreportajea dakar, besteak beste. Eduki horien bidez, “aldizkariak euskal kulturara hurbiltzeko aukera eskaintzen du, begirada garaikide batetik, sortzaileak erdigunean jarriz, eta tokikoa eta globala konektatuz”.

Argitalpenak kultur diplomaziarako tresna egonkor eta erabilgarri gisa finkatzea du helburu, EAEk herrialde sortzaile, dinamiko eta kulturalki konektatu gisa duen irudia indartzeko, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Globala kanpoekintza estrategiarekin lerrokatuta.

Zabaldu:

Utzi erantzuna