(argazkia: Taupa)

Eusfera, guraso eta haurrei zuzendutako ekimena maiatzaren 7an abiatuko da Euskal Herriko hainbat herritan

Eusferak 0-12 urte  bitarteko gurasoak aktibatzea du asmo, haiekin elkarlanean haurren ingurunean eragiteko eta hura euskalduntzeko.

Taupa euskaltzaleen mugimenduak Eusfera ekimenaren azken xehetasunak aurkeztu ditu, gaur goizean, Bilboko Euskararen Etxean, egindako agerraldian. Astebete eskas barru, abiatuko da ekimena. Zehazki, maiatzaren 7tik 17ra bitartean gauzatuko da, Euskal Herriko 100 herri ingurutan. Ekimenaren helburu nagusia haurren testuinguru linguistikoan eragitea da, haur bakoitzaren  unibertsoa euskaldunagoa izan dadin.

Uxue Izko Berastegi Taupako kide eta ekimenaren koordinatzaileak adierazi duenez, “Taupan argi dugu gure helburu nagusia euskararen erabilera sendotzea eta horretarako aukerak eskaintzea dela. Eta euskara gero eta gehiago erabiltze aldera, ezinbestekoa dugu gizarte-aktibazioa”. Testuinguru horretan sortu da Eusfera, 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoak aktibatzeko eta, haiekin elkarlanean, haurren inguruan euskarak presentzia gehiago izatea bilatzeko.

Izan ere, hezkuntza eragileekin eta euskaltzaleekin izandako harremanetan kezka partekatu bat identifikatu dute: “gero eta gehiago nabaritzen da erderek haurren unibertsoetan duten presentzia eta eragina handitzen ari dela, bereziki eskolatik kanpoko eremuetan, hala nola, aisialdian, telebistan edo pantailen erabileran”. Kezka horri erantzunez, Eusferak euskara erabiltzeko baliabideak eta urratsak emateko bideak proposatuko dizkie familiei.

Haurren unibertsoa euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guztiek parte har dezakete ekimenean, euskaraz jakin ala ez.

Bi bide parte hartzeko

Maiatzaren 7tik aurrera, familiek bi modu nagusi izango dituzte ekimenean murgiltzeko.

Alde batetik, etxean etxekoekin egiteko “misioak” edo proposamenak egongo dira. Misio horiek haurren unibertsoa osatzen zortzi planetetan  (ipuinen planeta, pantailen planeta, sormenarena…) banatuta daude, eta familia bakoitzak bere ezaugarrietara egokitutako erronkak jasoko ditu Eusferaren webguneko galdetegi labur bat beteta. Misio horiek eskuragarri egongo dira Euskal Herri osoko gurasoentzat.

Beste alde batetik, “Euspazioak” egongo dira: herriz herri antolatuko diren eta euskaraz hitz egiteko aproposak diren familientzako elkarguneak. Aisialdiari lotutako proposamen dibertigarriak eta gozagarriak izango dira, herri bakoitzak bere errealitatera moldatuta antolatuko dituenak. Dagoeneko Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko, Nafarroako eta Nafarroa Behereko 100 udalerri, auzo eta kuadrilla inguruk bat egin dute, eta antolatzaileek herrietako deialdietara adi egoteko eskatu dute. “Parte hartuko duten herrien zerrenda Eusferaren webgunean dago jada, Gurasoen txokoan, eta Euspazioen berri ere bertan emango dugu, data hurbildu ahala”, azaldu du Izkok.

Zabaldu:

Utzi erantzuna