(argazkia: Euskadiko orkestra)

Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek euskal musika tradizionala bildu eta zabalduko duen proiektua abiatu dute

Udazkenean hamabi kantuz osatutako diskoa argitaratu eta kontzertu bira abiatuko dute euskal hiriburuetan barrena.

Euskadiko Orkestra eta Kalakan taldea euskal musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu bat sortzeko elkartu dira. Azaldu dutenez, proiektuak bi hanka nagusi izango ditu: batetik, udazkenean argitaratuko duten hamabi kantaz osatutako disko baten grabazioa; eta, bestetik, lan horretan jasotako kantak aurkezteko kontzertu bira.

Hala, bi taldeak Orkestraren Miramongo egoitzan elkartu dira egun hauetan, grabatu eta aurkeztuko dituzten kanta horien lehen entseguak egiteko, Juanjo Ocon maisuaren gidaritzapean. Grabazioa maiatzean eta ekainean egingo dute eta lana urrian argitaratuko da.

Hau ez da Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek elkarlanean aritzen diren lehen aldia. 19/20 denboraldiko Abonu-kontzertuetan Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obraren Euskal Herriko estreinaldia egin zuen Kalakanekin batera, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Kalakan osatzen duten Jamixel Bereau, Bixente Etchegaray eta Xan Errotabeherek hainbat musika tresna jo zituzten obra honen baitan, txalaparta, alboka, txirula eta adarra kasu. “Lanak oso bestelako bi soinu-mundu uztartu zituen: batetik, ahozko tradiziotik etorritako abeslari solistak eta, bestetik, orkestra”, azaldu dute.

Proiektu berri honekin, ildo horri jarraipena eman nahi diote orain, orkestrak hainbat urtez abian izan duen KlasikAT ekimenaren baitan. Duela bi hamarkada baino gehiagotik egitasmo honen bidez Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doan edozein generotako musika ekoizpenaren alde. Besteak beste, esparru sinfonikokoak ez diren honako artistekin egin du lan orkestrak: Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragón, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izaro.

Proiektu berri honetan, Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan honen muina euskal musika tradizionala izango da. “Urte luzeetan Kalakan taldeak euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia”.

Hirukoak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren Iruten ari nuzu edo Kantuz. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena izango dute diskoan, txalaparta, txirula edo alboka esaterako. Hauek beste musika tresnekin batera orkestran txertatu dira.

Horretaz gain, Xalbador bertsolariaren hainbat hitz jasoko dira proiektu honetarako propio sortu diren piezetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Txoria txori kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere. “Modu honetan, Euskadiko Orkestra euskal kantagintza eta instrumentu tradizionalen bozgorailu bihurtuko da, eta ahots eta perkusio soilei merezi duten oihartzun eta hedapena ematen lagunduko du”.

 

Zabaldu: