‘Hari izpia hartzen’ jardunaldiek euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak izango dituzte aztergai

Aurten bi saio antolatu dituzte: maiatzaren 28an, Atarrabian, eta uztailaren 1ean, Leitzan. Lehenengoan ikusgaitasunaren eta prestigioaren gaiak jorratuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, lurraldea eta kultura.

Nafarroako Euskara Teknikarien Sareak (NUETS), Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak Nafarroan euskal kulturak bizi duen egoera aztertzeko beharrak bultzatuta, Hari izpia hartzen jardunaldiak antolatu dituzte.

Iaz antolatu zituzten jardunaldiak lehenengoz, Kontsumoaren eta transmisioaren etenaren inguruko kezketatik abiatuta, teknikarien, sortzaileen, erakundeen eta beste hainbat eragileren arteko gogoeta partekatua egin zuten, eta orduan ezarritako ildoak garatzea izango da, hain zuzen ere, aurtengo jardunaldien helburua.

Oraingoan bi saio antolatu dituzte: maiatzaren 28an, Atarrabian, eta uztailaren 1ean, Leitzan. Lehenengoan ikusgaitasunaren eta prestigioaren gaiak jorratuko dituzte, horretarako Oskia Ugarte Arte Garaikideko Zentroko (Nafarroa) zuzendaritzako kideak prestigioaren inguruko hitzaldia eskainiko du; Iratxe Retolaza EHUko  irakasleak Euskal kulturak hezkuntza arautua zeharka dezan izenekoan parte hartuko du; eta Oihana Iguaran eta Eli Pagola bertsolariek Bertsolaritza berritzea, publiko berrietara iristeko bidea hitzaldian. Jon Abrilek bere aldetik, gaiaren gaineko gogoeta bat gidatuko du.

Leitzako jardunaldian, berriz, lurraldea eta kulturaren arteko lotura aztertuko dute. Lorea Agirre kazetariak Zer da euskal kultura? hitzaldia eskainiko du; Arantza Santesteban ikerlari eta zinemagileak Kultura eta espazioa, pertsonen arteko kultura harremana eta garapena izenekoa eta; eta Marc Badalek, kultura eta landa garapenari buruzkoa.

Jardunaldietan izena emateko epea zabalik da jada, hariizpiahartzen.eus webgunearen bidez.

Informazio guztia, hemen.

Zabaldu: