Luis Garde, Pello Lizarralde, Uxue Alberdi, Idoia Garzes eta Joxean Agirre dira 2020ko 111 Akademiaren Sariko finalistak

Akademiakideek Garderen Aireportuko musika, Lizarralderen Argiantza, Alberdiren Dendaostekoak, Garzesen Mendiko gaitza eta Agirreren Nobela errealista bat lanen artean hautatu beharko dute sariduna.

2020. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren erdian martxan jarri eta otsailaren 26ra arte zabalik eduki duena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak ondokoak izan dira: Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Idoia Garzesen Mendiko gaitza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat.

111 Akademiaren hitzetan, “2020. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik bost horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak”. Akademiakideek, orain, horietako baten aldeko botoa bidali beharko dute martxoaren 26a baino lehen. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2020ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.

Lehenengo bozketa txandan 92 akademiakidek eman dute botoa. Urtero bezala, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dute Akademiako arduradunek, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko bozketan parte hartzen duten akademiakideen kopurua.

Akademiak, apirilaren azkenean emango du ezagutzera 2020ko 111 Akademiaren Saria.

Zabaldu: