Euskal emakume zinegileen proiektuak sustatzeko prestakuntza eta laguntzarako programa abian

Noka Mentoring programan proiektuak aurkezteko epea otsailaren 1etik 28ra egongo da zabalik.

Hego Euskal Herriko emakume zinegile hasiberrien presentzia eta ikusgaitasuna sustatzera asmoz, Noka Mentoring programaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak.

Programaren helburua Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bizi diren emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak tutorizatu eta laguntzea da.

Prozesu osoan hiru tutore egongo dira, eta horiek hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dute programa osoan zehar. Tutore horien profilek lotura zuzena izango dute zinema-sorkuntzarekin. Mentoringean bi alderdi konbinatuko dira: batetik, film baten ideazio-prozesura sormenaren bidez hurbiltzea eta, bestetik, proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza.

Hautatutako hiru zuzendariek programan parte hartu ahal izan dezaten eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan gara ditzaten, horietako bakoitzak 4.000 €-ko laguntza ekonomikoa jasoko duela iragarri dute.

Proiektuak jasotzeko epea 2020ko otsailaren 1etik 28ra egongo da zabalik. Martxoaren 6an berriz, programan parte hartzeko hautatu diren hiru proiektuak ezagutzera emango dira. Hautaketa batzordea honako hauek osatuko dute: Amaia Serrulla Donostiako Zinemaldiko ordezkari gisa, Maider Oleaga zinema zuzendari eta EQZEko irakaslea, eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea, zentroaren ordezkari gisa.

Uztailaren 1erako, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak eskaintzen duten Ikusmira Berriak zine-proiektuak garatzeko egonaldi artistikoen deialdira aurkezteko prest egon beharko dira proiektuak. Ikusmira Berriak programaren deialdia uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da zabalik.

Interesa dutenek Tabakalerako webgunean aurkituko dute informazio guztia, (tabakalera.eu), eta noka@tabakalera.eu helbidera bidali beharko dute beharrezko materiala.

Zabaldu: