(argazkia: Euskadiko Filmategia)

Euskal emakume zinemagileak I. zikloarekin abiatuko da Euskadiko Filmategiaren programazioa Artium Museoan

Urritik abendura bitartean izango da zikloa eta bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak proiektatuko dira.

Gasteizko Artium Museoa Euskadiko Filmategiaren programazioaren egoitza egonkorra izango da aurrerantzean, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Donostiako Tabakalerarekin batera. Gasteizen sinatu zuten atzo lankidetza hitzarmena eta bi erakundeen arteko kolaborazioa urriaren 14an abiatuko da Euskal emakume zinemagileak I. zikloarekin. Honetan, bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak ikusi ahal izango dira abendura bitartean. Era berean, Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan zikloari keinu egingo dion emanaldi berezi bat antolatu dute azaro amaierarako.

Filmategiaren programazioak euskal zinemari eskaini ohi dio urteko azken hiruhilekoa. Oraingo honetan, proposatutako zikloak berezitasun nabariak ditu. Proposamena gutxienez hiru urtetan zehar garatuko da, eta beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen talentua agerian jarri nahi du. Hainbat urtetarako izango den zikloarekin bat etorrita, Maria Pilar Rodriguez irakaslea koordinatzen ari den argitalpena aurkeztuko da laster. Isabel Herguera zinemagileak sortu eta gauzatu du zikloaren kartela.

Hau da filmen zikloa osatzeko egin den komisariotza-proposamena: zinemagile bakoitzak libreki hautatuko du bere film guztien artean zein erakutsi nahi duen, eta jendaurrean aurkezteko eta publikoarekin eztabaidatzeko gonbita egingo zaio. Lehen denboraldi honetan gure zinemaren aitzindarietako batzuk izango dira protagonista. Hala, honako hauek ikusteko aukera izango da: Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1992), Euskal Herriko errepresio frankistarako hurbiltze poetikoa; eta gai berberari lotuta, Denboraren gibelean (Mirentxu Purroy, 1993), haurren begiradatik eta euskararen jazarpenetik bideratutako filma.

Beste hiru dokumental oraindik bizirik dauden arazoetara hurbiltzen dira: gerra zibilari eta diktadura frankistari buruzko memoria zinematografikoa Kamarada filmean (Julia Juaniz, 2019); indarkeriak tentsioan jarritako Euskal Herri batean emakumeen bakearen aldeko apustu irmoa Mariposas en el hierro filmean (Bertha Gaztelumendi, 2012); edo errefuxiatuen ezbeharra Helena Tabernak filmatutako Europa mesfidati baten atarian (Varados, 2019).

Lehen denboraldi honetako eskaintzaren aniztasunaren adibide, hauek izango ditugu ikusgai: Bernardo Atxagaren egokitzapen literarioa, Aizpea Goenaga zuzendariaren eskuetan gatazka politikoaren oihartzunak hartu dituena (Zeru horiek, 2005); haurtzaroko lagunen bilera bati buruzko komedia bat (Erlauntza, Mireia Gabilondo, 2020); Kolonbiako indarkeriara hurreratze bat Ana Diezen eskutik (Todo está oscuro, 1997), eta Maite Ruiz de Austrik zuzendutako haurrentzako animazioa, balioetan hezteko asmoa duena (Lucius Dumben berebiziko bidaia, giza eskubideak dira zure tresnarik onena, 2013).

Emanaldi berezia

Amaitzeko, hiruhileko honetan Euskadiko Filmategiak Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan saio berezi bat antolatu du, Euskal emakume zinemagileak I zikloarekin koherentzia berezia izango duena: Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder intsumusa eta feministen bi film, frankismoaren aurkako borrokan euskal emakumeek izan zuten protagonismoa ardatz dutenak  (Les mères espagnoles eta La marche des femmes à Hendaye, 1975).

Zabaldu: