(argazkia: Alberdania)

Irene Hurtado de Saratxok Natalia Ginzburg idazlearen ‘Bertute txikiak’ euskaratu du

Egilearen hainbat urtetako idazlanak biltzen ditu liburuak.

Irene Hurtado de Saratxok Natalia Ginzburg idazlearen Bertute txikiak liburua ekarri du euskarara. Italiarraren laugarren lana da euskaraz itzultzen dena eta Alberdania argitaletxearen eskutik ikusi du argia.

Jorge Gimenez Bech editorearen arabera, “Ginzburg Italiako literaturak XX. mendean eman zituen idazle handienen zerrendan dago. Mende gatazkatsu eta odoltsua egokitu zitzaion: I. Mundu Gerraren erdian jaio zen, 1916an, eta Berlingo Harresia erori zenetik bi urtera hil, 1991n. Bete-betean bizi izan zuen, beraz, Eric Hobsbawn historialari ospetsuak XX. mende motza (short twentieth century) deitu zuen aldia”.

Egileak bi multzotan banatu zuen Bertute txikiak: memoriari lotutakoa, eta saiakera literarioaren estiloan ondutako gogoeta moralak biltzen dituena. Bigarren multzoko idazki bati, obra ixten duenari hain zuzen ere, zor dio liburuak izenburua.

Aipagarria da, bestalde, Ginzburgek naziek kartzelan senarra erail ondoren idatzi zuen kontakizuna liburu honetan argitaratu zuela, Negua Abruzzon izenburukoa, senar-emazteak eta seme-alabek jasan zuten hiru urteko erbestealdiaren berri ematen duena. Memoriarekin loturiko multzoan ageri dira, baita ere, Zapata urratuak eta Gizakiaren umea kontakizunak, Italiak gerraostean ezagutu zuen hondamendi sozialaren eta pertsonala erretratatzen dutenak. Izan ere, itzultzaileak hitzaurrean azaltzen duenez, idazleak adiskide bati zera aitortu zion 1946ko hasieran idatzitako gutun batean: “Orain gogoa egin zait esaldi itsusiak egiteko… Nolabait ere, galdua dut istorioak asmatzeko gustua. Orain gogoa egin zait neure zapatez hitz egiteko”.

Cesare Pavese gaztaroko lagun eta Einaudiko lankideak bere buruaz beste egin izanak arrasto sakona utzi zuen Ginzburgengan, eta horren emaitza da Lagun baten erretratua pieza. Ondoren datozen Ingalaterraren gorazarrea eta arrangura eta La Maison Volpé piezetan bikote berriak Ingalaterran izandako egonaldia jasotzen da. Idazlearen bigarren ezkontzarekin eta amodioaren eta samurtasunaren sorrerarekin lotzen den Bera eta ni kontakizunak ixten du lehen multzoa.

Bigarren multzoaz hitz egiterakoan, itzultzaileak “Bertute txikiak testuinguruan kokatzeko izenburuz paratu duen hitzaurrean garatutako ideia bati heldu dio: “Soiltasun txundigarri baina zeharo landu batez gizarteari erasotzen dieten gai edo auzi larri, funtsezko, premiazko eta betierekoei heltzen die Ginzburgek, bere ustean giza harremanen arazoa baitago gure bizitzaren muinean”.

Askotarikoak dira liburuaren bigarren zatian hizpide hartzen dituen gaiak: gerrak suntsitutako belaunaldiarekiko kezka, arimaren gaitzak, isiltasuna, egoismoa, erantzukizuna, errua, eta, horiekin batera, familia, bere lanbidea, klase soziala, dirua, hizkuntzaren eta hezkuntzaren garrantzia, seme-alaben hazkuntza eta zaintza, amatasuna eta idazketa bateratzeko zailtasunak, emakume izateak baldintzatutako bizitza, “bertute handien gorazarrea” eta, finean, errukia zer den ikasteko arorik aro kateatzen den giza bizitzan ibili beharreko bidea.

Amaitzeko, itzultzaileak Ginzburgen idazkeraz jardun du, “Nataliak zartako edo zaplazteko baten gisakoa nahi zuen esaldi bakoitza, eta ezaguna da beldur-ikara gorria ziola melenga eta sentimental agertzeari. Horren baitan dago bere idazkiak hamaika aldiz berridatzi eta zuzentzeko joera, ez baitzuen inola ere kalaka hutsalik sortu nahi”.

Zabaldu: